}

Austrolopithecus gaztea

2006/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Austrolopithecus gaztea
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Zeresenay Alemseged/ARCCH)

Afar izeneko eskualdea, Etiopian, sekulako pagotxa da paleoantropologoentzat. Han aurkitu zuten, 1974an, Australophitecus baten fosilik ospetsuena, Lucy ezizenez ezagutzen den hura. Eta han bertan aurkitu zuten 2000. urtean beste fosil harrigarri bat: Australophitecus gazte baten hezurdura ia oso bat, ume batena alegia. 2000n aurkitu zuten, baina bost urte eman dituzte lanean hezurrak lurretik guztiz erauzteko. Gero, hezurrak datatu, beste analisi batzuk egin, eta orain aurkeztu dituzte emaitzak Nature aldizkarian.

Umea zela jakiteko, fosila espezie bereko (Australophitecus afarensis) beste fosil batzuekin konparatu behar izan dute antropologoek. Konparazioak argi uzten du erabat heldu gabe zegoela hil zenean, gutxi gorabehera hiru urte inguru zituela, eta horrek berezi egiten du fosil hau; espezieen eboluzioari buruzko informazioa ez ezik, gorputzaren garapenari buruzkoa ere gordetzen du.

Gaztetasuna, adibidez, garunean antzematen zaio, heldu baten garunaren hiru laurdena baita, gutxi gorabehera. Gainera, datu horrek hominidoetatik gertuago jartzen du Australophitecus-a txinpantzeetatik baino, adin horretan txinpantzeen garunaren tamaina helduenaren % 90 inguru delako.

Baina, umea izateaz gain, aipagarria da fosilaren zenbat hezur aurkitu dituzten. Kaskezurra osorik dago (hortzeria eta guzti), gorputz-enborraren hezur guztiak ere bai, eta beso eta hanketako hezur handienak aurkitu dituzte. Ez da ohikoa hainbeste hezurrek gaur arte irautea. Litekeena da uholde batean hiltzea, gorputza hasieratik sedimentuetan harrapatuta geratzea, eta horregatik irautea ia osorik. Eta, antropologian, hezur asko izatea eta informazio asko izatea gauza bera dira.

Hioidea.
Zeresenay Alemseged/ARCCH

Kasu honetan, Australopithecus-a zuhaitzetan bizi zen ala ez erantzuteko adina informazio dago, esate baterako. Askok esan dute Lucyk, 1974an aurkitutakoak, bi hankan ibiltzeko hezurdura duela. Baina Lucyren omoplatoak ez ziren berreskuratu, eta, beraz, ezin zen ziurtatu adarretan zintzilikatzeko moduko gorpuzkera zuen (tximino-gorpuzkera) edo lurrean ibiltzeko modukoa (hominido-gorpuzkera). Fosil berrian, aldiz, omoplatoak osorik daude, eta ikusten da bi gorpuzkeren tarteko kasua zela. Australophitecus-a galtzen ari zen zuhaitzetan ibiltzeko egokitzapena.

Hezurrek beste datu asko eman dituzte. Besteak beste, hioidea, eztarrian dagoen hezur txiki bat, ez da galdu. Oso gutxitan irauten du, eta horregatik da sekulako altxorra antropologoentzat. Hezur hori aztertuta, neurri batean, soinuak emititzeko ahalmena azter daiteke.

Sekretu asko azaldu ditu aurkitu duten Australophitecus gazteak. Eta oraindik beste asko izango ditu gordeta.

1
225
2006
11
010
Giza zientziak; Paleontologia
Berriak labur
4