}

Australopitekoen garaian ere, anitz eta batera

2015/05/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

australopitekoen-garaian-ere-anitz-eta-elkarren-on
Australophitecus deyiremeda espezie deskribatu berriaren fosiletako bat. Arg. Yohannes Haile-Selassie

Lucy, A. afarensis ezagunaren garai eta eremu bertsuan bizi izan zen beste hominino espezie bat aurkeztu dute: Australopithecus deyiremeda. Fosilak —hiru baraila-zati— duela 3,5-3,3 milioi urtekoak direla adierazi dute aurkitzaileek, Clevelandeko Historia Naturalaren Museoko Yohannes Haile-Selassiek zuzendutako taldeak, eta, halaber, nabarmendu dute fosilen ezaugarriak espezie garaikideetatik desberdinak direla; haien esanean, aparteko espezietzat jotzeko bezainbestekoak. Nature aldizkarian argitaratu dute aurkikuntzaren berri.

Australopiteko espezie berriaren fosilak Waronso Mille eremuan aurkitu dituzte, Etiopiako Afar eskualdearen erdialdean, Lucy fosil ezaguna aurkitu zen tokitik ez oso urruti (35 km iparraldera besterik ez dago Hadar). Ikertzaileen arabera, aurkikuntzak agerian utziko luke gutxienez bi australopiteko espezie bizi izan zirela batera garai berean, eta elkarrengandik oso gertu.

Alabaina, ez dira horiek biak Erdi Pleistozenoan Afrika ekialdean bizi ziren hominino bakarrak. 2001ean Kenyanthropus platyops espeziea deskribatu zuten Keniako Lomekwi aztarnategian, hura ere duela 3,5-3,3 milioi urtekoa. Hain zuzen, proposatu berri duten espeziaren barailaren ezaugarri batzuk bat datoz A. afarensisenarekin, eta beste batzuk K. Platyopsenakin.

Ikertzaileek esanean, aurkikuntza horiek guztiek adierazten dute aniztasun handia egon zela Erdi Pleistozenoan Afrika populatu zuten homininoen artean —itxura batean, giza eboluzioaren geroagoko aldietan bezainbestekoa—, eta, geografikoki, elkarrengandik oso gertu bizi izan zirela haietako batzuk. Jakingai dago ingurumeneko zer faktorek eragin zuten halako hominino aniztasuna ekialdeko Afrikan, baita espezie haien arteko erlazio genealogikoa zein zen, edo haien eta ondorengo homininoen artekoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia