}

Australiako Koralezko Hesi Handia oso gaztea da

2001/06/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Geologoen azken ikerketen arabera, Koralezko Hesi Handiak gutxi gorabehera 500.000 urte ditu. Australiako ipar-ekialdeko kostaldetik gertu dagoen koral-kolonia hori munduko handiena da, baina beste koral-kolonia eta atoloi handi batzuk baino askoz gazteagoa da.

Europako eta Australiako hamazazpi ikertzaile elkartu dira proiektu horretan. Taldekoek leku egokia aukeratu zuten eta bi zulo handi egin zituzten. Lehenengoa 86 metrokoa da eta koral-hesiaren barneko geruzaraino iristen da. Bestea, 210 metrokoa, hesiaren inguruan dagoen beste koral-kolonia estu eta luze batean egin zuten. Bi zuloetatik laginak erauzi ziren eta bakoitzaren konposizioa analizatu zuten.

Ikerketaren emaitza Geology aldizkarian argitaratu da. Hasieran, estrontzio-isotopoen proportzioan oinarrituta, koral-zati zaharrenak 490.000 eta 1.050.000 urte arteko adina duela ondorioztatu dute zientzialariek.

Beste teknika bat ere erabili zen: paleomagnetismoa. Lurraren eremu magnetikoak duela 790.000 urte aldaketa bortitz bat izan zuen azken aldiz, eta koralaren egituran ez da horren arrastorik aurkitu. Horrek esan nahi du korala gazteagoa dela, adituen arabera 600.000 urte ingurukoa.

Beraz, koral-kolonia horiek oso hazte-abiadura handia izan dute. Zientzialarien ustez, horrek klimaren aldaketekin zerikusia izan dezake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia