
Aurten, lehen aldiz, astronomoek lortu dute zuzenean ikustea planetak gurea ez den izar baten inguruan biraka. Dozena erdi exoplaneta inguru deskribatu dituzte azkeneko hilabeteetan, eta, Science aldizkariaren arabera, urteko bigarren berri nabarmenena izan da lorpen hori.
Ez da batere erraza astronomoentzat beste izar batzuen inguruko planetei antzematea. Batetik, tamaina aldetik hautemateko zailak dira guregandik urrun dauden planetak, eta, bestetik, izarrak planetak baino askoz argitsuagoak direnez, estali egiten dute inguruan biraka dituzten planetek islatzen duten argi apala.
Hortaz, teknika bereziak garatu behar izan dituzte zientzialariek izarren distira nolabait estaltzeko. Adibidez, irudiko argazkia argi infragorriari bakarrik antzematen dion teleskopio batez hartu zuten. Izarraren inguruan (irudiko hainbat koloretako zirkulua) hiru planeta ikus daitezke; zirkuluaren inguruko puntu gorriak dira.
Irudia: C. Marois/NRCC
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







