}

Aurrekontu-arazoak NASAn

2001/03/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Garestiegiak direlako, Estatu Batuetako espazio-agentziak bertan behera utzi ditu X-33 eta X-34 ibilgailuak garatzeko programak. Horiek berrerabiltzeko espazio-ibilgailuen bigarren belaunaldia izan behar zuten, gaur egungo transbordadore espaziala ordezkatuko zituztenak. Bestalde, Nazioarteko Espazio Estazioan aurreikusitako gastuak bere gain hartzeko arazoak ditu NASAk.

Espazioratze garestiak

Edozein karga, satelite bat, adibidez, espazioratzea biziki garestia da. Arazo horri konponbidea jartzearren, hainbat programa abian dira dagoeneko. NASA, nola ez, aitzindaria izan zen eta 1994an Espazio Garraio Aurreratuko Programa abiarazi zuen

Helburuak ez ziren nolanahikoak: Lurraren orbita baxuan jartzeko kilogramoko kostua 20.000 dolarretik 2.000 dolarrera jaistaraztea 2010. urterako; 2025. urterako 200 dolarrera murriztea; eta 2040. urterako kostua kilogramoko 100 dolar azpitik uztea. Gainera, kostuak murriztearekin batera, segurtasuna eta fidagarritasuna ere biziki handitu nahi ziren.

Programa horren lehen urratsa berrerabiltzeko espazio-ibilgailuen bigarren belaunaldia ziren. NASA X-33, X-34 eta X-37 entsegu-ibilgailuak erabiltzen ari zen teknologia berria probatzeko, baina bertan behera utzi ditu, egungo kostuek balizko irabaziak gainditzen baitituzte. Teknologia behar bezain aurreratua ez dagoela-eta, indarra eta dirua beste lehentasun batzuetara bideratu behar dituztela aitortu du NASAren Marshall Space Flight zentroko zuzendariak. NASAk ia 1.000 milioi dolar xahutu ditu programa horietan eta, orain, bigarren belaunaldiko ibilgailuak prestatzeko beste estrategia baten bila hasi da.

ISS kolokan

Hala ere, ez dira bigarren belaunaldiko ibilgailuak NASAk egunotan duen buruhauste handiena. Izan ere, Nazioarteko Espazio Estazioarekin (ISS) hartutako konpromisoak betetzen lanak izango dituela dirudi.

NASAn, hurrengo bost urteetarako kostuak uste baino 4.000 milioi dolar garestiagoak izango direla ohartu dira eta, diru hori lortu ezean, proiektuak mugatu egingo direla adierazi dute. Ordezkatu berri duten Johnson espazio-zentroko zuzendariak gainkostuei aurre egiteko plana prestatu zuen, eta besteak beste, ISSra bidaiatuko duten astronauta-kopurua murriztea, Marterako bidaia tripulatuak bertan behera uztea eta ISSren zenbait elementu baztertzea proposatu zuen.

NASAk gastuari eusten ez badio litekeena da Nazioarteko Espazio Estazioaren eraikuntza 2003an geldiarazi behar izatea, hain justu, ESAren Columbus modulua eta beste espazio agentzien zatiak gehitu behar direnean. Baliteke 2003tik aurrera gehitzea pentsatu ziren moduluak inoiz ez gehitzea, horien artean Transhab gela, estatubatuarren propultsio-modulua edota larrialdietarako ibilgailua. Hain zuzen, bigarren belaunaldiko ibilgailuak ziren larrialdietarako ibilgailuak izateko prestatu nahi zirenak eta, horiek gabe, ISSn biziko diren astronauta-kopurua ezingo da 3tik 7ra pasatu.

Puntu honetan errusiarrek izan dezakete azken hitza, haien bi Soiuz ontzi ISSn akoplatuz gero, espazio-estazioan 6 astronauta lanean aritzeko aukera egongo bailitzateke. Beraz, arazoak arazo, errusiarrek zeresan handia dute oraindik espazio-kontuetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia