Klik egin irudian animazioa ikusteko
Aurorak Lurraren eremu magnetikoan gertatzen diren eztanda batzuek eragiten dituzte, NASAren THEMIS satelite-multzoak berri eman duenez. Eztanda horiek eguzki-haizeak (Eguzkitik ateratzen diren kargadun partikulen zorrotadek) eragiten ditu, Lurraren eremu magnetikoaren forma aldarazita; hau da, Eguzkiari begira ez dagoen aldeko eremua gero eta gehiago luzarazita. Bat-batean, ordea, gomazko banda bat gehiegi tenkatzen dugunean gertatzen den bezala, eremu magnetikoa askatu eta berriz ere Lurra inguratzera itzultzen da. Forma-aldaketa horretan eztanda bortitz bat gertatzen eta energia asko askatzen da. Energia horrek atmosferako gas-molekulak kitzikatzen ditu. Kitzikatutako gas-molekulek jasotako energia askatzean igortzen dituzten argi-uhinak dira aurorak.
Irudia: NASA/Goddard Space Flight Center Conceptual Image Lab
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.