}

Aurora 2001 espedizioaren emaitzak aurkeztu dituzte

2001/11/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Donostiako zientzia-museoko zientzialariek espedizioan jasotako material grafikoaren aurkezpena egin dute gaur Zientziaren Kutxagunean.

Bi taldek hartu zuten parte proiektu horretan. Alde batetik, bost lagun Kanadara joan ziren, eta auroren argazkiak, soinuak eta bideoko irudiak hartu zituzten. Beste alde batetik, beste zientzialari batzuk eguzkiaren jarduera neurtzen jardun ziren egun horietan Donostian.

Horrela, hilabetez, hainbat esperimentu egin zituzten. Besteak beste, eguzkiaren jardueraren eta aurora borealen arteko korrelazioa baieztatu zuten. Eguzkiaren azalean orbanak agertzen direnean, eguzki-haizea sortu den seinale eta, haize hori Lurraren eremu magnetikoan sartzean, aurora borealak eta australak gertatzen dira.

Zientzialariek aurora borealetako irrati-uhinak jaso eta soinuak lortu zituzten. Soinu horietan, fisikariek ez dute aurora-motarekin korrelaziorik aurkitu.

Jasotako materialarekin dokumental bat egiteko asmoa du taldeak, eta, egokia baldin bada, Donostiako planetarioan emanaldiak egiteko pelikula berezia prestatu nahi dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia