}

Atzo banatu zituzten Ig Nobel sariak

2003/10/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Atzo banatu ziren Harvard Unibertsitatean errepikatu ezin diren edo errepikatzea komeni ez den ikerketak saritzen dituzten Ig Nobel sariak . Sari horiek zientzia eta umorea uztartzen dituen Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu. 1991. urtetik banatzen dira eta irabazleek benetako Nobel saridun baten eskuetatik jasotzen dute beren saria.
Ig-Nobel sarien banaketa-ekitaldia umorez jantzia egon ohi da.

Guztira hamar Ig Nobel sari banatzen dira urtero, eta ikertzaileen artean geroz eta arrakasta handiago dutela dirudi, aurten, Disziplina arteko Ig Nobel sarirako bakarrik, 5.000 hautagairen artean aukeratu behar izan baitute epaimahaikideek.

Irabazleek ez dute nolanahiko ikerketa egin, gizakiek eta oilaskoek edertasun-eredu berberak dituztela ondorioztatu baitute, Suedian behintzat. Izan ere, oilaskoak gizonezko eta emakumezkoen argazkiak mokokatzeko entrenatu zituzten eta, nonbait, gehiagotan mokokatzen zituzten gizonezko gihartsuen argazkiak, eta ezpain ederreko emakume ile luzedunenak. Suediako nerabeen artean ere, horiek omen dute arrakasta gehien. Ondorioa argia da: batzuek eta besteek eredu berberak erabiltzen dituzte gustuko bikotekideak aukeratzeko. Ez dakigu oilasko-haztegietan ikerketarik egin duten, langileen itxura fisikoak haztegiaren errendimenduan eraginik ote duen egiaztatzeko. Pena.

Oilaskoek eta gazte suediarrek edertasun-eredu berberak dituztela proposatzeagatik Ig Nobel saria jaso dute ikertzaiel suediarrek

Pena da, baita ere, Kimikako
Ig Nobel saridunaren web gunean guztia japonieraz bakarrik idatzita egotea, Kanazawa hiriko usoek hango brontzezko estatua bat zergatik maite ez duten jakin gabe geratu baikara. Izan ere, Yukio Hirose-k estatuaren analisi kimikoa egin du, estatuak usoak ez zituela erakartzen ikusita. Zergatik ote? Japoniako usoek Suediako oilaskoen
edertasun-eredu berdinak izango al dituzte? Brontzeko estatuari giharrak, ile luzea eta ezpain ederrak jarriz gero, usoek gehiago maiteko al dute?

Agian Londresko taxi-gidariek izango dute galdera zail horien erantzuna. Izan ere, hango University College-ko zazpi ikertzailek frogatu dutenez, Londresko taxi-gidariek hiriko gainerako bizilagunek baino garatuago dituzte garunak. Taxi-gidariek memorian gorde behar izaten dituzte ibilbide eta lasterbide asko eta, ondorioz, hipokanpoa, garuneko eskualde bat, gainerako londrestarrek baino handiago dute. Hori diote ikerketa egin dutenek eta horregatik jasoko dute Medikuntzako Ig Nobel saria.

Medikuntzako Ig Nobela Londresera joan da, baina John Culvenor australiarrak ere irabaz zezakeen, ardiei ilea mozten ibiltzen diren lagunen bizkarreko minekin kezkatuta egin baitzuen Fisikako Ig Nobel saria eman dion ikerketa. Culvenor laneko segurtasunaz arduratzen den aholkularia da eta ardiak arrastaka eramateko zorurik egokiena zein den neurtu du: oholtxoz osatutako aldapadun zurezko zorua, hain justu. Culvenor-ek, saria jasotzera joan zen arren, oso serio hartzen du ikerketa, ile-moztaile askok bizkarreko arazoak izaten baitituzte ardiak zoru desegokietan arrastaka eramateagatik.

Seguruenik arrazoi izango du Culvenor-ek, eta atzo saritu zituzten beste zenbaitek ere serio-serio egingo zituzten euren ikerketak, baina parre pixka bat egiteko aukera ez dugu galdu nahi izan, datorren astean jakinaraziko diren Nobel sari formalagoei heldu aurretik.

Informazio osagarria:
Ig Nobel sariak Suedian ematen diren Nobelak baino dibertigarriagoak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia