Atzo aurkeztu zuen Elhuyarrek zientzia eta teknologiaren euskarazko hiztegi entziklopedikoa
2009/10/30 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia
Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa kalean da. Urte luzez aritu dira lanean Euskal Herriko 200 aditu baino gehiago proiektu honetan, Antton Gurrutxagaren zuzendaritzapean. Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin argitaratu dute, Euskadiko Kutxaren babesari esker, eta une honetan merkatuan dagoen mota honetako hiztegi bakarra da.
Aurkezpena atzo arratsaldean izan zen, Chillida-Leku museoan, eta orduan ikusi ahal izan zuten parte-hartzaile gehienek obra lehen aldiz. Hiztegi entziklopediko mardula da, 1.800 orrialdekoa. "Honelako proiektu batean 200 adituk baino gehiagok parte hartzea oso pozgarria izan da, eta ohore handia, gainera; adituen ekarria giltzarria izan da proiekturako, eta, gure ikuspegitik bederen, oso elkarlan aberasgarria egin dugu" adierazi du hiztegiaren zuzendari Antton Gurrutxagak.
Duela zortzi urte hasi zen Elhuyarko talde bat Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa lantzen, helburu zehatz batekin: "Zientzia eta teknologiari buruzko oinarrizko erreferentzia-informazio fidagarri, landu eta eguneratua eskaintzea, modu zehatz, argi eta ulergarrian, eta erabiltzaile-multzo zabala gogoan izanik". Duela lau urte, proiektuak jada bazuen forma bat, eta zientzia eta teknologiaren 50 jakintza-arlotako adituak hasi ziren batzen proiektura, hasierako helburu harekin bat eginez. Helburu hori hiztegiak biltzen dituen jakintza-arlo guztietako 23.000 kontzeptuetan zehar islatzen da orain. Gaien gaurkotasunari garrantzi berezia eman zaio, eta zientziari eta teknologiari buruzko informazio orokorra behar duen ororentzat da obra interesgarria: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, gurasoak...
Proiektu honetan lanean aritu diren adituak arlo desberdinetako kontzeptuak hautatzen, haien definizioak osatzen eta artikulu entziklopedikoak sortzen ibili dira, besteak beste. Arlo horiek guztiak sei multzo handitan biltzen ditu hiztegi entziklopedikoak: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta, azkenik, orokorrak.
Adituen lana ezinbestekoa izan da Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa eraikitzeko. Izan ere, aditu bakoitzak bere arloan duen jakintza jarri du, kontzeptuak aukeratzeko, definizioak egiteko eta artikuluak idazteko. Haietako batzuen esanean, hiztegiak hainbat ekarpen egingo ditu haien jakintza-arloetan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iñigo Virtoren eta Mari Jose Imazen ustean, "Unibertsitatean euskaraz eskaintzen ditugun irakasgai eta hitzaldien kalitatea hobetzen lagunduko digu, eta gure lanaren euskarazko dibulgazioa egitea erraztuko digu obra honek. Orain arte, nekazaritzan adibidez, gaur egun beste hizkuntzetatik hartutako zenbait termino itzultzeko beharra ikusten genuen. Hiztegi entziklopediko honekin, obra bakar batean, eguneroko lanean behar ditugun terminoak izango ditugu kontsultagai".
Antzeko gogoeta egin zuen Euskalteleko Rafael Bañalesek ere. Hark ere uste du oso garrantzitsua dela gizartearentzat terminoen euskarazko ordainak izatea, eta, azpimarratu zuen, azkar ibiltzea bereziki garrantzitsua dela telekomunikazioaren arloan: "Telekomunikazioen arloa oso teknologikoa eta oso aldakorra baldin bada ere, arlo horretan sortzen diren terminoak berehala zabaltzen dira gizarte osoan: 3G telefonia mugikorra, WiFi-a edo haririk gabeko ethernet sarea, esate baterako. Hori dela eta, euskarazko terminologia ahal den agudoen izatea are garrantzitsuagoa da telekomunikazio-arloan lanean dihardugunontzat, euskaraz jardun ahal izateko."
Hiztegi berri honek behar horiek asetuko ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitateako Fernando Plazaola fisikariaren esanean, estandarizazioaren bidean ere urrats esanguratsua izango da. "Zientzia eta teknologia mailan euskara ez dago erabat estandarizatua", azaldu zuen. "Adibidez, lexikoa ez dago bateratua; izan ere, gerta daiteke kontzeptu zientifiko/tekniko bat zientzialari bakoitzak bere erara erabiltzea. Polisemia hori edo sinonimo-aniztasun hori, zientzia mailan, ona litzateke bakoitzak zehaztasun osoz azalduko balu kontzeptua. Zoritxarrez, ez da hori gertatzen, eta entziklopedia hau bateratze lexikografikorako urrats handi bat da".
Azkenik, zientzia eta teknologia arloetatik kanpora ere termino hauek zabaltzeko beharra aipatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatea Mertxe Martinez biokimikariak. Izan ere, maiz, arlo tekniko bakoitzeko adituek sortzen dituzte terminoak; baina, bitarteko egokirik gabe, gehienetan ez lirateke komunitate txiki horretatik aterako. Martinezen arabera, "Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa baliabide ezin hobea da terminologia berezitua euskal gizartean hedatu eta finkatzeko."
Hiztegiaren ezaugarriak
- 23.000 kontzeptu, beren definizioekin eta dagozkien erdal terminoekin(ingelesezkoa, gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa).Erdara-euskara termino-zerrendak: ingelesa-euskara, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara.1.500 irudi.607 artikulu entziklopediko.Zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta orokorrak.CD-ROM euskarria liburuarekin batera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia