}

Atzerriko azentua eta sinesgarritasunik eza

2010/09/05 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ulermenari ez ezik, atzerriko azentuak sinesgarritasunari ere eragiten dio, zuzenean. Gainera, hizlariaren azentua zenbat eta indartsuagoa izan, entzulearentzat orduan eta sinesgaitzagoak bihurtzen dira hark esandakoak. Berriki plazaratutako ikerlan baten ondorio nagusia da hori, kontuan izan beharrekoa, milioika baitira gaur egun ama-hizkuntza ez duten beste hizkuntza batean egunero mintzo diren pertsonak.
Milioika dira, gaur egun, ama-hizkuntza ez duten beste hizkuntza batean egunero mintzo diren pertsonak. Lan-munduak sarritan jartzen gaitu nazioartera begira.

Guk hura ezin ulertu, hark gu ere ez… Ziurrenik, azentua dela eta ez dela, gutako gehienok behin baino gehiagotan izango genuen egoera xelebreren bat atzerritarren batekin, are gehiago uda partean. Dena den, nola edo hala, maiz mimika eta irribarre artean bada ere, komunikatzea edo elkar ulertzea lortu ohi dugu kasu gehienetan.

Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek elkar ulertzea baino harago doan eremu batera bideratu du, baina, atzerriko azentuaren gainean egindako ikerketa. Ikerketak dioenez, azentuarekin hitz egiteak sinesgarritasuna gutxitu egiten du. “Argi dago bertakoa ez den hiztun baten azentuak zaildu egiten duela hark esandakoa ulertzea; alde horretatik, ez dago berritasunik. Baina kontua da ulermen-zailtasun horiek adierazpenen sinesgarritasunarekin erruz nahasteko joera dugula, oharkabean bada ere. Eta hori ez zegoen egiaztatuta”, nabarmendu du ikertzaileak.

Baieztapen hori egiteko, boluntario-talde batekin egindako esperimentua izan dute oinarri psikologoek. Journal of Experimental Social Psychology k plazaratu du emaitzen berri.

Aurreiritziak

Hizkuntza eta azentua direla medio, egoera xelebreak sortzen dira sarritan.

Bada, azentuak sinesgarritasunari eragiten ote dion jakin nahian, boluntarioei esaldi batzuk entzunarazi eta haiei buruzko balorazioa egin zezaten eskatu zieten. Esaldi haietako batek, adibidez, “Urik gabe, jirafa batek gamelu batek baino gehiago iraun dezake” zioen, ingelesez. Hitz horiek zenbait pertsonaren ahotan entzun zituzten: hizlari batzuek ingelesa zuten ama-hizkuntza; besteek ez, ordea.

Halako neurketa bat egitean edozein aurreiritzik izan dezakeen eragina kontuan hartuta, eta uste horien efektu posiblea indargabetu nahian, esperimentua bi zatitan banatu zuten.

Lehenbizikoan, boluntarioek ez zekiten ikerketa zeri buruzkoa zen; entzuten zituzten hizlariak liburuxka bateko testuak irakurtzen zebiltzala bakarrik azaldu zieten. Bada, atzerriko azentudunen hitzei sinesgarritasun gutxiago eman zieten, eta, azentuaren zenbatekoak ere eragin ei zien balorazioei. Esperimenturako espresuki prestatutako sinesgarritasun-eskalaren arabera, ingeles-hiztunei batez beste 7,5eko puntuazioa eman zitzaien; erdi-mailako azentu atzerritarra zutenei, 6,95ekoa, eta azentu gogorrena agertzen zutenei, aldiz, 6,84koa.

“Azentuaren eraginez, ingeles-hiztunak ez zirenen esanak ulertzeko zailtasunak izan zituzten boluntarioek. Eta ulermen-arazo hori sinesgarritasun faltarekin erlazionatu eta nahastu zuten, zuzenean”, diote ikertzaileek.

Ikerketaren emaitzak kontuan hartuz gero, kaltetuen zerrenda luzea izan daiteke: lan bila dabilen etorkina, atzerriko herritarrekin negoziotan aritu behar dena…

Bigarren esperimentuan, aldiz, entzuleei zuzenean ohartarazi zieten ikerlanaren nondik norakoez. Entzun zuten grabazioa aurrekoaren berdintsua bazen ere, beste emaitza batzuk lortu ziren: ingeles-hiztunen eta erdi-mailako atzerriko azentua zuten hizlarien esanei sinesgarritasun-maila bera eman zieten. Azentua oso markatua zen kasuetan soilik aldatu zen balorazioa.

Ikerketa baten datuak baino ez dira hauek. Baina, emaitzak gizarteko joera orokor baten adierazle badira, honek guztiak zer pentsatua eman dezakeela diote ikertzaileek. Lan bila dabilen etorkina, bere errugabetasuna defendatu nahi duen atzerritarra, albisteen berri eman behar duen “azentudun” kazetaria…, luzea izan liteke “zuzeneko kaltetuen” zerrenda.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia