Atomoak mugimenduan filmatzeko bidean
2013/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elektroi askeko laserrek, X izpien bristada ultralaburrei esker, aukera ematen dute atomoak mugimenduan filmatzeko. X izpien pultsu horiek behar bezain laburrak dira femtosegundoen denbora-eskalako bereizmenarekin materialetan ematen diren prozesuak aztertzeko; hala, atomoen mugimendua, erreakzio kimikoak eta materialetako fase-trantsizioak azter daitezke.
Baina, mugimendu horiek filmatzeko, zehatz-mehatz ezagutu behar dira sistema periodikoki argiztatzen duten pultsuen heltze-denbora eta denbora-profila. Hain zuzen, Nazioarteko zientzialari-talde batek, tartean Donostia International Physics Center-eko ikertzaileak, neurketa-teknika berri bat garatu du, DESYn, Alemaniako partikula-azeleragailuen zentroan: hango FLASH X izpi leuneko elektroi askeko laserra erabiliz, banako pultsuen denbora-karakterizazio osoa eman dute. Taldekideak gai izan dira X izpien pultsu bakoitza femtosegundoen mailako zehaztasunarekin neurtzeko (segundo batek mila bilioi femtosegundo ditu). Ikerlan honetan garatu den teknika munduan dauden X izpien bidezko elektroi askeko laser guztietan inplementa daiteke. Emaitzak Nature Photonics zientzia-aldizkariaren azken zenbakian argitaratu dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia