Atmosferaz gain, itsasoa ere glaziazioaren erantzule
2001/03/30 Astobiza, Amaia
Milankovitx-en teoriak horrela dio: duela 115.000 urte inguru, uda-hasierako intsolazioa txikia izaten zen latitude garaietan eta, horregatik, neguko elurrak udan zehar ere irauten zuen; horren ondorioz, izotz-geruzak eratu ziren eta glaziazioa gertatu zen. Baina atmosferaren eragina bakarrik kontuan hartuta egindako simulazioen emaitza txarrak ikusita, badirudi beste faktore batzuk ere ezinbestekoak direla glaziazioa gerta dadin; hots, ozeanoko zirkulazioak eta, neurri txikiagoan, landaretzaren aldaketak. Hari horretatik tiraka, Frantziako zientzialariek glaziazioa simulatzeko beste saiakera bat egin dute, ozeano-atmosfera bikotea kontuan hartuta, eta itsas azaleko tenperaturak ere glaziazioan eragina izan zuela ondorioztatu dute.
Simulazioa egiteko, garai hartan lurrak zituen orbita-ezaugarriak (eszentrizitatea, zeihartasuna, perihelioa eta integrazio-denbora) erabili dituzte. Ezaugarri horiek direla eta, garai hartan urtaroen arteko intsolazio-diferentzia gaur egun baino txikiagoa izaten zen eta horrek itsasoko tenperatura-aldaketetan eragina zuen. Aireko tenperatura unean uneko eguzki-erradiazioaren araberakoa izaten da, hau da, airearen tenperaturak azkar erantzuten dio intsolazioaren aldaketari. Itsas azalaren erantzuna, aldiz, motelagoa izaten da eta denbora gehiago behar du tenperatura igo edo jaisteko, 2-3 hilabete hain zuzen. Duela 115.000 urte, ipar-hemisferioko intsolazioa gaur egungoa baino % 6 txikiagoa izaten zen udan. Ondorioz, Ipar poloko itsas azalari ez zion berotzeko denborarik ematen eta ekuatorearen eta poloaren arteko tenperatura-gradientea handitu egiten zen urteko sasoi horretan. Beraz, eguzki-erradiazioaren eraginak eta Ipar Poloko tenperatura hotzagoek neguan eratutako izotza urtzea eragozten zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia