}

Atlantis, itsaspeko hiri galdua

2001/07/13 Elhuyar Zientzia


Ipar Atlantikoan, 700 metroko sakoneran, mineralezko hiria aurkitu berri dute Seattle-ko Washington Unibertsitateko ozeanografoek. Atlantikoaren erdialdeko dortsaletik 15 bat kilometrora dagoen itsaspeko mendi bat ari ziren aztertzen Atlantis deritzon eskualdean, eta ustekabean aurkikuntza egin zuten.

Hiria kolore zuriko zutabeek osatzen dute. Luzeenak 60 metroko altuera du, eta ikertzaileek bakteriaz josiak daudela ikusi ahal izan dute. Izan ere, hiria tximinia hidrotermalez egina dago eta haietatik isurtzen den berotasunaren babesean bizia garatu da.

Tximinia horietako kondizioak Lurraren gaztaroan zeudenen antzekoak direla uste dute ozeanografoek, eta, beraz, han inguruan bizi diren bakterioak ‘fosil bizidunak’ izan daitezkeela. Atariko ikerketek, behintzat, metanoa zein antzeko konposatu organikoz eta mineralez elikatzeko gai diren bakterioak direla erakutsi dute, baita oso talde zaharren parte direla ere.

Biziaren hastapenei buruzko informazioa eskaintzeaz gain, hiri galduak tximinia hidrotermalak uste ez zen lekuetan sor daitezkeela frogatu du. Orain arte dortsal ozeanikoetan soilik aurkitu izan dira, zorutik ateratzen den magmaren inguruan;
ikertzaileek itsasoko uraren eta zoruko mineralen arteko erreakzioen ondorioz tximinia hidrotermalak sor zitezkeela aurresan bazuten ere, froga ez da gaur arte iritsi. Hiri galduko tximiniak karbonatozko mineralez osatuta daude, 40-70 ºC-ko tenperatura dute eta tximinia hidrotermal mota berri baten adibide dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia