}

Astronomoak paradisu bila

1992/01/01 Brunier, Serge Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ahalik eta efikaziarik handiena lortzeko, etorkizunean teleskopioek zerurik os karbienaren beharra izango dute. Ipar hemisferioan, astronomoek ez dute oraingoz Mauna Kea (Hawaiiko sumendirik altuena) baino ezer hoberik aurkitu. Ekuatoreaz behetik, Atacamako basamortuko Cerro Paranal-en, Txilen, instalatuko dute VLT (Very Large Telescope: Oso teleskopio handia) deituriko teleskopio europarra.

4.200 m-ra Mauna Keak urtean ia 300 gau oskarbi ditu astronomoentzat. 3.000 m-radagoen hodei-multzoak barrera modura jokatzen du kostaldeko herrietako hautsa, hezetasuna eta argi artifiziala pasatzea oztopatuz. Azken 10 urteotan, CFH teleskopio franko-kanadarra dago bertan. Keck kaliforniarra aurten jarriko da martxan eta urte gutxi barru JNLT japoniarra.

Badira ia bederatzi urte Francisco Gomez Cerda eta bere bi umeak, denboralditan, Cerro Paranalen bizitzen jarri zirela. Mendi honek 2.665 m ditu eta Atacamako basamortuaren erdi-erdian kokatua dago Txilen. Beren egitekoa zein zen? Europar behatoki australerako (ESOrako) bertako ezaugarri meteorologikoak aztertzea, munduko beste hainbat leku idorretan daudenekin konparatzea eta azkenik astronomoei bost urte barru instalatuko den astronomi makina izugarria, lehen esan dugun VLT izenekoa hain zuzen, jartzeko lekua aukeratzen laguntzea. Gomez Cerda familia oso harro dago; astronomo europarrek notizia bikaina iragarri dute: "beren" mendia aukeratu dutela teleskopioa jartzeko, alegia...

1983.az geroztik, Txileko meteorologoek parametro guztiak erregistratzen dituzte, hau da, zeruaren garbitasuna, gau oskarbiak zenbat diren, airearen hezetasuna, atmosferaren egonkortasuna, etab.; guzti horrek eragina bait du behaketa astronomikoaren kalitatean.

Astronomiaren historian honelako kanpainari ez zaio inoiz ekin: Txileko hamarren bat mendi eta beste bat Reunion irlan, etengabe aztertu dira, zeru aproposa aurkitu nahian beti ere. Astronomoak berehala konturatu dira Txilek zituela lekurik onenak. Han instalatu dira jadanik hiru behatoki handi, Cerro Tololo eta Las Campanas amerikarrak eta bereziki ESOren behatoki handia, La Sillan. Hauxe da gaur egun munduko astronomi zentru garrantzitsuenetakoa.

VLT beraz, Txilen instalatuko dute. ESOko "politikarien" kontua zen honako erabaki zaila hartzea: La Sillan, Atacamako basamortu ertzean, jadanik azpiegitura izugarria dagoela ikusita (hamabost teleskopio kupula barnean, aireportu bat, 30 km-ko errepidea, benetako "zientzi herria" ehundaka pertsona baino gehiagorentzat, lantegi ultramodernoak, ordenadore-ekipoa, etab.), VLT bertan instalatzea edo leku hobea aurkitu eta berriro ere leku hori hornitzea.

Erabakia hartuta dago. Cerro Paranal, La Sillatik 600 km iparraldera, planetako leku astronomiko onena da: urtean hirurehun eta hogeitamar gauetan zerua oskarbi dago hor!. VLTarekin behaketa-segundo bakoitza 10 libera inguru kostatuko dela jakinik, ulertzekoa da leku egokia bilatzen europarrak hainbeste zergatik saiatu diren. Zerutik lainorik txikiena pasatzeak 1.000, 10.000 edo 100.000 liberako "galera" zientifikoa eragin dezake! .

CFH, 3,60 m-ko diametroa duen Hawaiiko teleskopio franko-kanadarra, gaur egun munduko onena da. 27 magnitudeko astroak ikertzeko gai da, hau da, begiak ikus dezakeena baino 250 milioi aldiz distira txikiagokoak.

Baina lainoak, hodeiak, euria... zer diren ere ia ez dakite Atacamako basamortuan; planetako lekurik idorrenetakoa bait da. Cerro Paranalen Gomez Cerda familiak honela zioen: "1983.ean hainbat aldiz egin zuen euria eta 1988.ean elurra izan dugu". Paradoxa badirudi ere, gailurretik 15 km-ra meteorologoek Ozeano Bareko kostaldea ia etengabe lainoz estalia ikus dezakete. Baina laino hauek ez dira 1.000 edo 1.500 m-tik gora igotzen. Eguraldi txarreko denboraldiak, "negu boliviar"ari dagozkio eta ekaitza orduan Andeetatik, ekialdetik, dator.

Orain dela hogei-hogeitamar urte arte, astronomoak teleskopioak instalatzerakoan ez ziren bertako kalitate meteorologikoaz kezkatzen: munduko teleskopiorik handienak, 70.eko hamarkadara arte, hirietatik hurbil instalatu dira. Niza eta Meudon beraz, bertan joan den mendearen azken aldera eraikitako behatoki handiez harro egon daitezke. Gaur egun bere teleskopio ederrek ez dute ia ezertarako balio.

Lehenengo teleskopio erraldoien egoera are larriagoa da. Kaliforniako Wilson mendian dagoenak mende hasierako astrofisika irauli zuen: gaur egun itxita dago. Tresna honek ezin izan ditu elektrizitatearen eta gaueko argiztapenaren aurrerakuntzak jasan. "Argi-poluzio" honekiko oso sentikorra izanik, zerua ikertzeari utzi egin dio. Kaltea: bere 2 m t"erdiko ispilua, munduko hogei teleskopio handienetakoa zen.

Beste erraldoi bat ere –ospetsuagoa gainera– kolokan dago: Palomar mendiko bost metroko teleskopio famatua. Hogeigarreneko hamarkadaren bukaeran, diseinatzaileak benetako lekua bilatzen saiatu ziren: 2.000 m-ra, Hego Kalifornian, Palomar mendiak leku aproposa zirudien. Turbulentzia atmosferikoak teleskopioari bere baliabideak erdira murrizten dizkio eta, batez ere, handik berrehun kilometrora dagoen Los Angeles hiriak bere neonezko zerua argiztatzen du, Tresna hau hobeto kokatuta dauden beste batzuek gainditu dute, nahiz eta teorikoki hain potente izan ez.

Gaur egun, neurri handi batean satelite meteorologikoen eta zirkulazio atmosferikoa ondo simulatzearen ondorioz, astronomoek oso ondo dakite behatoki handi modernoa instalatzeko lekurik egokienak zeintzuk diren. Ez dira, izan ere, hainbeste: Txileko Atacamako basamortua da, zalantzarik gabe, lekurik onena, baina Kanaria eta Hawaii irlek ere, beren sumendi altuekin, urtean ia hirurehun gau oskarbi izaten dituzte. Altitudeak (2.200etik 4.200 m-ra) ozeanotik datozen lainoetatik babesten ditu.

Mauna Keako Keck teleskopioa, 36 ispilu hexagonalekin 10 m diametroko mosaikoa eratuz, inoiz burutu den tresna optikorik handiena izango da. 1996.ean Keck II, bere bikotekide elek-tronikoa jarriko da, hau eraikitzea oraintsu erabaki delarik.

Azkenik, Mendi Harritsuetan, Sobiet Batasuneko Pamir-en eta Txinako Himalaian kontinental deitzen diren basamortu batzuek ere, dudarik gabe, gailur ederrak badituzte 3.000tik 5.000 m-ra. Leku ezezagun bat geratzen da: Antarktika. Mendi handiko kontinente birjin honek (3.000tik 5.000 m-rainokoak ditu) atmosfera erabat lehor eta purua du. Baina pentsa al daiteke -55°-ko "izozkailuan" astronomoak, teleskopio erraldoiak eta ordenadoreak instalatzeaz? Gaur egun, oso lan bereziak egiten dira han, hainbat astetan Eguzkiari etengabe behatzea esaterako.

Astronomoek gura dituzten mendi guztien ezaugarri amankomuna, zibilizazioaren poluzio eta argiztapenetik urrun egotea da, jakina, baina baita beste mendietatik urrun egotea ere. Isolatutako gailurrek, izan ere, atmosfera guztiz egonkor eta purua dute. Ipar hemisferioan astronomo guztien ametsa beren teleskopioak Hawaiiko Mauna Kea sumendian instalatzea da. 4.200 m-ra, behe-atmosferako hauts eta argietatik babestua dago eta 2.000 m-raino sumendi honen maldak laino-multzoz estalita egoten dira. Urtean ia hirurehun gau oskarbi izanik ez da, izan ere, leku astronomiko txarra!

Baina, batez ere, Mauna Kearen ezaugarria airearen egonkortasuna da: teleskopioko irudiak nahasten dituen turbulentzia atmosferikoa han oso baxua da. Mauna Kearen beste abantailetako bat: bertako airea lehorra izateak astronomoei izpi infragorriak aztertzeko aukera ematen die. Izpi hauek ur-lurrinak zurgatu egiten ditu eta leku modernoek, beraz, guztiz lehorrak izan behar dute. Mauna Keak gaur egun munduko teleskopio-kopururik handiena du: hamar metroko teleskopio kaliforniarra –munduko han diena–, 3,6 m-ko teleskopio franko-kanadarra (gaur egun galaxia eta kuasareetako irudirik zehatzenak ematen ditu) munduko teleskopio infragorri handiena, irratitelesko pioak ...

Baina Cerro Paranalek, dudarik gabe, jadanik ustiatutako leku guztiak gainditzen ditu. Mauna Kea baino hobea, gau oskarbien eta egonkortasun atmosferikoa kontutan hartuz, eta hura bezain ona bai behintzat airearen lehortasunari dagokionez. Horrelako lekuan, VLTak edozein espazio-teleskopio bezalako irudiak edo hobeak atera beharko lituzke!. 8,20 m diametroko lau ispiluekin, VLT izan ere Hubble baino berrogeitamar aldiz argitsuagoa izango da. Optika moldagarriz hornitua dago, hau da, turbulentzia atmosferikoaren arabera deformatzeko gai den optika du.

Teleskopio erraldoi europar honek ez du konkurrentziarik izango XXI. mende hasieran. Tresna, mila eta bostehun milioi libera inguru kostatuko da; Hubble baino hamar aldiz gutxiago, alegia! Baina azkarrago, argitsuago eta zehatzagoa izango da ... baita 1993. urte bukaerako espaziuntziaren misio batek teleskopio espazialari ikusmena itzultzen badio ere. Cerro Paranal eta antzeko lekuak aurkitzea eta optikaren aurrerakuntzak, astronomoak lurrera itzul erazi ditu: ez dute orbitan teleskopio handirik instalatzeko asmorik.

2.665 m-ra Cerro Paranalek urtean 330 gau oskarbi baino gehiago ditu. Jadanik hamabosten bat teleskopio europar dauden leku honetan (La Sillatik ez oso urrun) instalatuko da 1995.etik aurrera VLT izenekoa.

Europarren lana, beren makina erraldoia eraikitzea da. ESOk aurre egin beharreko arazoetako bat, bertan lan handia egitearena da. Lehen-lehenik, Cerro Paranalek, jakina, ez du ez urik eta ez elektrizitaterik. Handik 100 kilometrora dagoen Antofagastatik eraman beharko dira. Berehala, gailurra berdindu egin beharko da bertan VLTa jarri ahal izateko. Berdindu ondoren, Cerro Paranalek hektarea inguruko plataforma izango du, 1995.etik aurrera 8,20 m-ko lehen teleskopioa bertan jartzeko.

2000. urtean, tresna osoa (100 m-ko oinarri handia duen trapezioa eratuz) leku urrutienetako kuasareei behatzen hasiko da. Ez da lekurik geratuko, beraz, han goian beste teleskopiorik instalatzeko! Baina Txileko gailur honetan teleskopio erraldoiak eraikitzeko beste aukerak ez dira horregatik bazter geratuko: Cerro Paranaletik gertu, beste mendi birjin batzuek ere mendikatea handiaren magalean erakusten dituzte beren gailurrak. Atacama "astronomoen basamortu" bilaka daiteke.

Teleskopio erraldoiak

1949.ean hasi zen dena, amerikarrek lehen tresna optiko erraldoia (Palomar mendiko teleskopio izugarria) martxan jarri zutenean. Bost metro diametroko ispiluz hornitua dago, 530 tona pisatzen ditu eta hainbat hamarkadatan munduko astronomia menderatu du... SESBk, 1976.ean, kaliforniarrak gainditzea nahi izan zuen, Zelentxuk-en, Kaukason, are tresna handiagoa instalatuz. Bere 25 m-ko luzerarekin, 600 tona mugituz eta 6 m diametroko ispiluarekin, "BTA-B6"k ez ditu inoiz bere promesak bete: 1.900 m-ra egonik, bere kokapena ez da oso ona eta bere kamera elektronikoak ez dira oso praktikoak.

Etsita, astronomoek ispiluen neurria handiagotzen baino gehiago leku hobeak bilatzen saiatu ziren eta beren ezaugarri optiko eta elektronikoak hobetzen ere bai. Emaitza: azken hamar urte hauetan, CFH teleskopio franko-kanadarrak, 3,60 m diametrokoak, Hawaiiko Mauna Kean 4.200 m-ra instalatuak magnitudean (astro ikusgarrien disdira ahultasunean) eta bereizmen espazialean (xehetasun eskuragarrien zehaztasunean) errekorrak ditu. Zifratan emanda: 27 magnitudea (CFHak begi hutsak ikus ditzakeen izar ahulenak baino 250 milioi aldiz ahulagoak ikus ditzake) 0,3"-ko bereizmena (ilargiko 500 m-ko edozein gauza).

Txileko La Sillan, New Technology Telescope europarra (Teknologia Berriko Teleskopioa) (3,5 m-koa) emaitza berberak ematen hasi da. Opto-elektronikaren aurrerakuntzek erraldoitasunaren erronkari ekiteko aukera eman die astronomoei: aurten, kaliforniarrek Mauna Kean 10 m-ko diametrodun teleskopioa jarriko dute! Tresnak, ez du 300 m besterik pisatzen eta ispilu zatikatu "adimentsuz" osatuta dago; kristalezko 36 hexagonoz osatuta. Teleskopio hau, teleskopio erraldoi ultrarinen eta argi ikuskorra eta infragorria aztertzeko gai diren belaunaldikoen aitzindaria da.

2000. urtean, hau bezalako, 8,20 m-ko lau teleskopiok VLT izenekoari 16 m-ko diametro birtuala emango diote.

Proiektuan daudenak: Hawaiin instalatzekoak Keck II eta JNLT japoniarra, 7,50 m-koa, Atacamako 8 m-ko Magellan amerikarra, Arizonarako 8 m-ko bi diametro dituen Columbus teleskopio-parea, eta batez ere, 2000. urterako VLT europarra: 8.20 m-ko lau teleskopioko bateria, 16 m diametrokoa litzatekeen teleskopioa sintetizatzeko gai dena. Etorkizuneko teleskopio guztietan handiena izanik, VLTak ez du konpetentziarik izango ondorengo hainbat hamarkadetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia