Astronomia argazkigintza eta bere erabilpen didaktikoa (I)
1995/05/01 Fernandez, Isabel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Agian askotan behatu izan duzu gauez zerua eta liluratuta geratu izan zara izarren edertasunaz. Hartz Nagusia, Ipar-izarra, Orion, etab. identifikatzen saiatu izan zara. Gauez ikusten den zerua gustuko baldin baduzu, askoz ere gehiago gozatuko duzu argazkiak ateraz! Hastera doanari edo astronomia lantzera animatzen den irakasleari, argazkiak ateratzeko bi era proposatuko dizkiogu: kamera finko mantenduz (artikulu honetan landuko da) eta kamera desplazatuz (hurrengo baterako utziko dugu).
Tresneria eta aurreprestakuntza
Hasteko, kamera, tripodea, klisk egiteko kablea eta pelikula baino ez duzu behar.
50 mm-ko objektiboa duen Reflex-a da Kamera egokiena. Optika aldakorra duena baldin bada, hobeto. Horrez gain, esposizio anizkoitzeko palankaduna (fotograma berean bi argazki ateratzeko ahalmena duena) izatea komeni da.
Kamera tripodean kokatzen da, oinarrian duen torlojuari lotuta. Zenbat eta sendoago izan tripodea, hainbat eta egonkorrago izango da. Oso zurruna ez bada, zabaldu bere hankak maximora eta 2 edo 3 kilo harea eseki bere ardatzatik. Horrela eginez gero, haizeak eragingo dizkion bibrazioak leundu egingo dituzu egonkortasun gehiago lortuz.
Klisk egiteko kablea, obturadorea zabaltzen eta ixten denean sortzen den kamera-higidura saihesteko erabiltzen da.
Pelikulari dagokionez, 100 eta 400 ISO bitarteko koloretako diapositibak erabiltzea gomendatzen da (informazio gehiago nahi duenak ikus beza Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariaren 88. aleko “argazkilaritza” saila).
Argazkiak ateratzeko lekua berriz, ondoko irizpideen arabera aukeratu behar da:
- iluntasun osoz egin behar da lan; beraz, errepidetatik eta faroletatik urrun eta Ilargirik gabeko gauetan, eta
- horizonte zabala ikusi behar duzu.
Obturatze-abiadura ere kontutan hartu behar da, bestela izarrak puntuak izan ordez lerroak izango dira edo ez da ezer ikusiko. Gogoratu bestalde, obturatze-abiadura objektiboaren foku-luzera eta atera nahi dugun zeru-zatiarekin erlazionaturik dagoela. Esaterako, ekuatoretik hurbil dauden izarrak 50 mm-ko objektiboarekin atera nahi badira, erabili behar den obturatze-abiadura 20 s-koa da gutxi gora-behera.
Obturatze-abiadura handiagotu daiteke, marrarik atera gabe, ondoko kasuetan:
- poloetara hurbiltzen garenean eta
- esparru zabalagoa hartzen duten objektiboak erabiltzen direnean, foku-luzera motzagoa dutenak erabiltzen direnean alegia, 28 mm-koa adibidez.
Polotik eta Ekuatoretik hurbil dauden izarren argazkiak ateratzea proposatzen dizugu, minututik gorako obturatze-abiadura erabiliz.
Argazki bakoitzaren ezaugarriak apuntatu egin behar dira: pelikula-mota, optika, fotografiatu den zona edo objektua eta obturatze-abiadura. Argazkiak, obturatze-abiadura desberdinak erabiliz ateratzea gomendatzen da. Era horretara, abiadura egokia hautatzerik izango duzu hurrengo batean.
Beraz, oharrak idazteko koadernoa ezinbestekoa duzu.
Kamera finko mantenduz ateratako argazkiak
Kamera tripodean kokatu eta klisk egiteko kablea ipini ondoren infiniturantz enfokatu behar da. Diafragma-eskalan zenbaki txikiena, irekidura handiena, hautatu.
Hona hemen atera daitezkeen argazkietako batzuk:
Zeruaren itxurazko higidura
Hauxe izaten da argazkirik eskergarriena hasberrientzat. Kamera zerurantz orientatu eta zenbait ordutan zabalik uzten da. Izarren itxurazko higidura azaltzen duten argi-lerroak agertuko dira argazkian. Kamera Ipar-izarrerantz zuzenduz eta 2 edo 3 ordutan zabalik mantenduz, argazkirik ikusgarriena lortzen da
Modu horretara higidura erlatiboaren adibidea lortzen da, Fisikako irakasleari lana gehituz:
- higidura angeluarra azaldu
- ordu betean zeruak egiten duen itxurazko desplazamendua kalkulatu eta herri desberdinetako ordu-diferentziekin konparatu.
Konstelazioak
50 mm-ko objektiboa eta 400 ISOko pelikula gomendatzen da.
Lan sistematikoak ondokoa emango digu:
- Erreferentzi gisa balioko duen konstelazio ezagunenen atlas pertsonala.
Klasean bibliografiako mapekin erkatuz izar guztiak izenda daitezke.
- Koloretako pelikula erabiltzen bada, izarrak koloretan (urdinak, gorriak, etab.) ikusi ahal izatea.
Koloreak tenperaturarekin erlaziona daitezke. Horretan oinarriturik, izarren bilakaera ere azal daiteke.
Ilargiaren argazkiak
* Ilargiari, bere ziklo batean zehar, ondoz ondoko egunetan, ilunabarrean argazkiak ateratzen badizkiozu (ilargi berrian hasi eta ahal den bitartean), izarrekiko posizio desberdinetan azalduko zaizu eta horrela jakin ahal izango duzu:
- Bere ibilbidea (eta ekliptikarekin ere erkatu ahal izango duzu).
- Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren higidura erlatiboa.
- Ilargia egunero zergatik ateratzen den.
- Hil sidereoa zein sinodikoa.
* Ilargiaren argazki-serieak egin daitezke esposizio anizkoitzeko palanka erabiliz. Sekuentzia horren zailtasun nagusia, Ilargiaren desplazamendua aurrikustea da enkoadre egokia egiteko.
Lehenengo argazkia enkoadratzerakoan, Ilargia irteten ari bada edo Meridianotik pasatu ez bada bisorean behe-ezkerrean kokatu behar da eta goi-ezkerrean Meridianotik jada pasatu bada (ikus goiko irudia).
Irudien gainjarpenak ekiditeko, 3 minututik gorako tarteak uztea komeni da. 50 mm-ko objektiboak 3 orduko jarraipena egiteko aukera emango dizu. 200 mm-koak berriz, ordu betekoa.
Argazki honekin Ilargiaren diametro angeluarra kalkulatu ahal izango duzu.
Eklipseetan oso erabiliak dira argazki-serieak, irudi bakar batean prozesu osoa biltzen baita.
200 mm-ko objektiboarekin atera diren argazkietan oinarriturik, Lurraren itzala dela medio, Ilargiaren tamaina kalkula daiteke.
Konstelazioekiko planetek duten higiduraren jarraipena
Egun desberdinetan ateratako argazkien bidez zeru izartsuarekiko planetek duten higidura beha daiteke. Hori da planetek duten atzerako higidura ikertzeko metodorik egokiena, Martitz eta Jupiterren kasuak batez ere. 100 eta 200 ISO bitarteko pelikula erabil dezakezu horretarako.
Argazki hauekin zera azter dezakezu:
- planetek egin duten ibilbidea eta, ondorioz, ekliptikaren posizioa eta
- planeten higidura erlatiboa.
Astro-multzoak
Begi bistaz ikusteko edo gure argazki-bilduma handitzeko dagoen fenomeno interesgarrienetakoa da. Ilargiak eta planetek osatzen dutena da errazana, Ilargia eta Artizarrarena esaterako. Baina zenbaitetan Saturno, Martitz eta Jupiter batera atera daitezke “urrezko triangelua” eratuz. Saia zaitez argazki hori lortzen!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia