}

Astronauten jantzien sekretuak

2000/10/03 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Espazioan, ordea, nahitaezkoak dira, presio eta arnasketa egokia ahalbidetzen dutelako.

Lurrean gelditzen garenontzat astronauten jantziak ikusgarriak dira.

Orain dela bi aste Nazioarteko Espazio Estazio berri horretan ikusi genituen astronautak beren janzkera nabarmen eta bereizgarriarekin. Askorentzat, astronauten jantzia mozorrotzeko ideia bikaina ere izan daiteke. Baina, tira, ikusgarriak izateaz gain, jantzi horiek funtzio garrantzitsu eta nahitaezkoak betetzen dituzte.

Jantzi hauek oso egitura konplexua eta osagai asko dituzte. Besteak beste, astronautak espazioan ibili ahal izateko, beharrezkoa da jantzi hauek presio normala mantentzeko mekanismo bereizia edukitzea, airea berrizteko eta hozteko sistemarekin batera. Osagarriak, berriz, kaskoa, ur-poltsa eta komunikazio-sistema dira.

Jantziaren barnealdea, berriz, ura, gernu-hondakinak eta hoztailea bideratzen dituen hodiz josia dago. Jantziaren aireztapena eta transpirazio-sistema oso garrantzitsuak dira. Izan ere, astronautak, eguzkipean 121 ºC-ko tenperatura jasan beharko du, eta ilunpetan dagoenean, berriz, -156 ºC-koa.

Jantziak egiteko erabiltzen den materiala bereizia da, ihesak eta bakterioen ugalketak saihesteko. Beharrezkoa da, hala ere, erabilera bakoitzaren ondotik ongi garbitzea. Izan ere, jantziek ongi zainduz gero, zortzi bat urteko erabilera izaten dute. Hortik aurrera, kalitatea galtzen dute.

Jantzia bata bestearen gainean ezarritako geruzez osatua dago, eta gehienez ere, 107 librako pisua izaten du (gutxi gorabehera 53,5 kilo).

Segurtasun neurri zorrotzak

Bizitza bermatzeko oinarrizko sistema PLSSak, beti konektatuta dagoen bizkarreko unitateak eta aurrealdean eramaten duten ikuste-kontrol batek osatzen dute. Bizkarreko unitateak oxigenoa banatzen du, arnasa hartzeko, aireztatzeko eta jantziaren barne presioa egokitzeko. Gainera, besteak beste, unitate hori ura hoztu eta garraiatzeko beharrezkoa da, baita dioxido karbonoa zurgatzeko eta usain txarrak kentzeko ere. Bigarren oxigeno-banatzailea PLLSaren azpialdean kokatua dago eta lehenak huts egitean jartzen da martxan. Aparatu horiek guztiak eta maniobrarako gidagailua, ikuste-kontrolari esker behatzen dituzte tripulazioko kideek. Beraz, astronautak espazioan bakarrik ibiltzen dira, bai, baina lurrarrekiko lotura denak moztu gabe. Ez daitezela gero bakardadean gal.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia