Gaur egungo Ukranian, duela 17.000 urteko hotzari aurre egiteko, mamuten hezurrez egindako etxolak eraikitzen zituzten gizakiek. Zuhaitzik gabeko estepa hotz haietan, mamuten letaginak, garezurrak eta barailak erabili behar izan zituzten eraikitzeko. Muturreko hotzetik babesteko erabili zituzten.
Orduko arkitekturaren adibide ezin hobeak dira: letaginekin arkuak sortzen zituzten, femurrekin hormak eta garezurrek sabaiak ixten zituzten, egonkortasuna emanez egiturari. Ehiza-baliabideak ahal bezain beste aprobetxatzen zituzten.
Orain arte ez zegoen argi zer funtzio izan zuten. Ikertzaile batzuek zioten bizileku zituztela orduko gizakiek; beste batzuek, erritu sinbolikoak egiteko erabiltzen zituztela. Oraingoan, ikerketa batek argitu du hotzetik babesteko funtzioa zutela, baina ez zirela bizileku egonkorrak izan. Goi Paleolitoko ehiztari-biltzaileen bizimodu nomadak pentsatutako egiturak izan ziren, hotz gogorreneko garaietan eraiki, babestu, eta hotz handia pasatzean, bideari jarraitzeko.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.







