Olagarroek kamuflatzeko duten gaitasunean eta azal dinamikoan inspiratuta, larru sintetiko aldakorrak sortu dituzte nanoteknologoek. Polimeroen xafla fin-finak gainjarrita, koloreak eta testurak aldatzeko gaitasuna duten azalerak garatu dituzte.
Elektroi-sorten bidez testura-patroi bat baino gehiago sor daitezke azal polimeriko horietan, eta baldintzen arabera testura bat edo beste adieraz dadin programatu dituzte. Koloreen kasuan, mikrofluidoez kontrolatzen da aldaketa. Beraz, uretan sartzean aldatzen da larruaren kolorea.
Nanoteknologoek kolore-patroiak eta testura-patroiak elkarrekiko independienteak izatea lortu dute, eta horrek aldakortasun handiagoa eman dio larru sintetikoari. 20 segundu baino gutxiago behar ditu aldatzeko, eta nahi beste aldiz alda daiteke batetik bestera, errendimendurik galdu gabe. Nature aldizkarian argitaratu dute garapena.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.







