Asteko argazkia: kaxalote nanoa Euskal Herrian

Arg.: SAREUS


Euskadiko Lehorreratze Sareak (SAREUS) abisua jaso zuen 2025eko abenduaren 21ean, goizeko lehen orduetan: zetazeo bat agertu zela hilda Zierbenako Arena hondartzan.

Nekropsia egin dutenean, lehorreratutakoa kaxalote nano bat dela jakin da. Euskal kostaldean kaxalote nano bat ikusten den aurreneko aldia da. Orain arte ez da espeziee horren lekukotzarik eman, behintzat. 

Kaxaloteak maiz ikusi izan dira Bizkaiko Golkoan, eta lehorreratze batzuk ere izan dira. Kaxalote nanoa topatzea, aldiz, berria da. Kaxalote nanoa ez da kaxalote arrunt baten kumea, baizik eta tamainaz txikiagoa den beste espezie bat. Guztira, hiru espezie daude: kaxalotea, betiko erraldoi hori, 15 metrokoa; kaxalote pigmeoa, 3,5 metrokoa; eta kaxalote nanoa, txikiena, 2 metroeta erdikoa. Pigmeoa inoiz agertu izan da euskal kostaldean, kaxalote nanoa, berriz, lehen aldiz topatu dute orain. 

Oso zabalduta dago munduan kaxalote nanoa, baina nekez ikusi da Europako kostan. Ez Mediterraneoan, ezta kosta atlantikoan ere. Kasu bakan batzuk besterik ez dira ikusi. Galizian topatu zen bat, eta orain Zierbenako kasu hau.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali