Aspirinak sagu arren libidoa zapuzten du
2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saguekin esperimentua eginda ikusi dute ernaldian aspirina hartu zutenen kumeek besteek baino geroago agertzen dutela sexu-grina. Gizakietan eragin bera izan dezaketen ez dute argitu adituek, baina, badaezpada ere, gogorarazi dute haurdun dauden emakumeek ahalik eta sendagai gutxien hartu behar dutela.
Ikerketa egiteko, ernaldian zehar aspirina eman zieten uretan disolbatuta sagu batzuei. Emandako kantitatea gizakiotan eguneko aspirina bat hartzearen baliokidea omen da. Sagukume horiei jarraipena egin zieten, eta ikusi zuten sexurako grina gainerakoek baino beranduago azaltzen zutela, eta gutxiagotan burutzen zutela koitoa eta eiakulatzen zutela.
Aspirinak hantura jaisteko eta mina gutxitzeko gaitasuna du; horretarako, prostaglandina-kantitatea gutxitzen du. Bestalde, prostaglandinak fetuaren sexuaren garapenean eragina daukala uste da. Adituek ondorioztatu dute prostaglandina gutxitutako saguek besteek baino sinapsi gutxiago garatzen dituztela sexuarekin lotutako garuneko gunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia