Aspaldiko usteak alda ditzaketen sagukumeak
2009/05/03 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Ikerketa Shangai Jiao Tong Unibertsitatean egin dute, eta, ikertzaileek esan dutenez, lortu dute antzututako sagu batzuek kumeak izatea beste sagu heldu batzuen obarioetako zelula-multzo jakin bat transplantatuta. Zelula horiek ez ziren obulu helduak, jakina, hori ez litzateke eta izango berria. Obulu bihurtuko diren zelulak ekoizten dituzten zelulak izan ziren, sagu helduetatik ateratakoak.
Obuluak obulazioan sortzen dira, eme helduetan. Enbrioien garapenaren fase jakin batean, obulu horien aitzindariak eratzen dira: obozitoak. Era berean, obozitoak enbrioien zelula jakin batzuetatik eratzen dituzte.
Bada, obozitoen zelula aitzindariak dira Txinako ikertzaileek sagu antzuei transplantatu dizkietenak. Orain arte jotzen zen zelula aitzindari horiek enbrioi-fasean baino ez zirela agertzen, baina, ikertzaileek iradoki dutenez, sagu helduetan ere badaude.
Prozesua, urratsez urrats
Antzututako sagu batzuek kumeak izan dituzte beste sagu heldu batzuen obarioetako zelula-multzo jakin bat transplantatuta. (Argazkia: M.R. Vogt )
Nature Cell Biology aldizkarian berri eman dutenez, lehenik, zelula aitzindari horiek identifikatu eta bakartu egin zituzten sagu helduen obarioen azaletik. Gero, proteina berde fluoreszente bat ekoizten duen gene bat sartu zieten, zelulak zalantzarik gabe ezagutu ahal izateko. Genea sartzeko, birusak erabili zituzten: birusei gene hori txertatu zieten, eta birus horiekin infektatu zituzten zelulak. Hala, birusek beren genoma txertatu zieten infektatutako zelulei, eta, besteak beste, proteina fluoreszentea sortzeko genea hartu zuten zelulek.
Zelulak aurrez antzututako sagu emeen obarioetan txertatu zituzten. Antzutzeko erabili zuten botikak saguen obulu eta obozitoak suntsitzen ditu, eta, beraz, obuluak ekoizteko aukerarik gabe utzi zituzten. Zelulak txertatutakoan, ordea, sagu gehienek kumeak izan zituzten. Kumeak aztertzean ikusi zuten herenek proteina fluoreszentearen genea zutela. Beraz, argi dago sagukume horiek txertatutako zeluletatik sortu zirela.
Ikerketaren gazi-gozoak
Lorpen handia izan da zientzialari horientzat frogatzea haiek txertatutako zeluletatik sortu zirela sagukume batzuk. Dena den, sortutako kumeen herenek baino ez zuten hori frogatzen duen genea. Nondik atera ziren gainerako guztiak sagu emeak antzututa baldin bazeuden?
Proteina berde fluoreszente bat ematen duen gene bat erabili zuten zientzialariek sagukumeak zalantzarik gabe desberdintzeko . (Argazkia: (© Science ).
Ikerketa egin zuten zientzialariek esan dute proteina fluoreszentea ematen duen genea txertatzeko erabilitako birusek agian ez zituztela zelula guztiak infektatu, eta horregatik ezin izan dituztela detektatu obarioetan sartutako zelula guztietatik sortutako kumeak.
Ikerketa horrekin lotuta ez dauden hainbat eta hainbat zientzialarik beste aukera batzuk proposatu dituzte, eta oso zuhur agertu dira berri horren aurrean. Adibidez, esan dute saguak antzutzeko prozesua agian ez zela guztiz eraginkorra izan, eta kume batzuk saguek berez zituzten obuluetatik sortu zirela. Batzuek ez diote sinesgarritasun handirik eman nahi izan berriari, eta esan dute ezinbestekoa dela beste ikerketa-talderen batek errepikatzea Txinakoek lortutako emaitzak. Izan ere, esaten dutena egiaztatuko balitz, frogatuko litzateke eme helduek obulu berriak sor ditzaketela, enbrioi-fasean sortutakoez gainera. Eta horrek goitik behera aldatuko luke orain arte egiatzat jotzen genuena.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia