Asma baduzu, agian ESAk mezu bat bidaliko dizu
2006/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako Espazio Agentzia zerbitzu bat ari da probatzen asma edo arnas aparatuko arazoak dituzten pertsonei laguntzeko. Pertsona horiengan eragin handia du airearen poluzioak; horregatik, poluzio-maila handia denean, arriskuan dauden pertsonei ohartarazteko sistema bat jarri du martxan ESAk Londresko erdigunean eta barruti batean.
Hala, airearen poluzioak maila jakin bat gaindituko duela espero denean, ESAk mezu bat bidaltzen du osasun-arazoak izan ditzaketen pertsonen telefono mugikorrera. Horri esker, prebentzio-neurriak har ditzakete.
Iragarpenak egiteko, tokian tokiko datuak eta eremu zabalagoan jasotakoak konbinatzen ditu ESAk. Halaber, kontuan hartzen du eguraldiaren eragina, eta, horrekin guztiarekin, hurrengo 24 orduetarako iragarpena egiten du.
Horrek guztiak koordinazio handia eskatzen du, besteak beste, Europako hainbat herrialdetako erakundeek parte hartzen dutelako. Baina zerbitzua dagoeneko emaitza onak ematen ari da, eta erabiltzaileak gustura daude.