Asiatik Euskal Herrira, erleak jatera
2010/11/23 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hor goikoa Txinako liztor bat duzue, Vespa velutina nigrithorax espeziekoa. 33 bat milimetro ditu, ia erabat beltza da eta hori eta laranja koloreko segmentuak ditu. Bisitan etorri da Euskal Herrira, baina bisita deserosoa da harena. Hala diote behintzat euskal erlazainek; beldur dira hemengo erlauntzetan eragin ditzakeen kalte handiengatik.
Espezie inbaditzaile hori erlauntzetara sartzen da, eta erleak jaten ditu. Haren elikagai nagusia erle arrunta da, eta bi astean erle-kolonia oso bat akabatzeko gai da. Lau eta sei metro arteko zuhaitz eta teilatupeetan egiten ditu habiak, eta bakoitzean 1.800 bat liztor egon daitezke; egin kontu!
Dirudienez, txinatar liztorra Bordeleko portutik sartu zen Europan, inork ikuskatu ez zuen kontainer batean, 2004an. Berezko ekosistema Asiako hego-ekialdeko herrialdeak ditu, baina, antza denez, Europako hegoaldeko herrialdeetako kliman ere ongi egokitu da. Lau urtean Frantzia erdia kolonizatu duela jakinarazi dute Neiker-Tecnalia zentroko ikertzaileek, eta egunotan Gipuzkoako Erlezainen Elkartekoek ohartarazi dute jadanik Irun, Hondarribia eta Oiartzun inguruan ere aurkitu dutela espeziea.
Sor ditzakeen kalteengatik kezkatuta, oraingoz bi neurri hartuko dituzte euskal erlezainek: batetik, liztorrak harrapatzeko tranpak jarriko dituzte, eta, bestetik, aurkitzen dituzten habiak suntsitzen ere saiatuko dira.
Irudia: SIGA. Eskubide batzuk erreserbatuta: CC, berdin partekatu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia