Artritisaren tratamenduan aurrera
1995/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Artritis erreumatoidea sortzen duten faktoretako bat TNF izeneko substantzia izan liteke. TNF faktore erreumatoidea era natural batez agertzen da giza gorputzean. Aitzitik, ez ohizko hazkuntza agertzen du faktore horrek artritis erreumatoidea duten gaixoengan. Charing Ospitaleko medikuek burutu duten azken ikerketen zioa artritis erreumatoidearen jatorriak aztertzea zen eta agidanez, bete-betean asmatu dute oraingoan.
Orain arte burutu diren entseiuen arabera, TNF faktorearen kontrako antigorputzak erabiliz gaixotasunaren sintomak arindu egiten dira, baina oraindaino ez dute sintoma horiek erabat desagertaraztea lortu. Dakigunez, artritis-mota hori emakumeek pairatzen dute nagusiki, hogei eta berrogeita hamar urte bitartean.
Giltzaduren hantura eta deformazioa eragiten du eta gaixotasun kronikotzat jotzen da. Jatorrian eragiten ez badu ere, TNFren antigorputzak erabiltzeak beste sendabideekiko abantaila handia du: besteek ez bezala, TNFren antigorputzek ez dute bigarren mailako ondoriorik eragiten. Erabat osatzea lortzen ez bada ere, pazientearen bizi-baldintzak orain arte ez bezala hobetzen ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia