Artizarraren irudi berria

Artizarraren irudi berria


Artizarraren goiko irudia teleskopio newtondarraz hartu zuen Konrad Dennerl astronomoak. Hain zuzen ere, bera izan da Artizarraren irudi berria lortu duen astronomo taldearen buru. Horretarako, X izpiez bailatzen den Chandra behategia erabili dute, eta bildutako informazioak Artizarraren atmosferari buruzko datu berriak jakitea ahalbidetu du.

X izpien bidezko irudia argi ikusgaian duenaren antzekoa bada ere, bien arteko aldeek garrantzi handia dute. Optikoki ikusten den Artizarraren irudia eguzki-argiaren islari sor zaio. Lurrak, Eguzkiak eta Artizarrak batak besteekiko duten posizioa dela eta, behaketa optikoz Artizarrak ilgora-itxura du eta distiratsuagoa da erdialdean. X izpien bidezko irudian, aldiz, ilgora izateko pixka bat falta zaio eta distira gehiago du muturretan.

Behaketaren araberako alde horiek Artizarrak igortzen dituen X izpiak fluoreszentzia bidezkoak direlako azaltzen dira. Eguzkiaren X izpiek Artizarraren azala bonbardatzen dute, atomoen barrualdeko elektroiak jo eta atomoak energia-maila altuagora kitzikatzen ditu. Berehala, atomoak lehengo energia-mailara itzultzen dira, eta orduan X izpi fluoreszentea igortzen dute. Artizarraren X izpi fluoreszente gehiena planetaren azaletik 120-140 km-ra dauden oxigeno- eta karbono-atomoetatik askatzen da. Ikusten den argi optikoa, ordea, 50-70 km-ra dauden lainoek islatutakoa da.

Hori guztia dela eta, orain arte ezkutatuta gelditzen ziren Artizarraren atmosferaren datuak jakin ahal izango dira X izpien bidezko behaketei esker.

Gehiago jakiteko: egin klik hemen

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astrofisika