Artikoko izotza urtzen ari da
2002/12/10 Elhuyar Zientzia
Artikoan urte osoan urtzen ez den izotz-geruza lodi bat dago. Udan izotz horretatik zati bat urtu egiten da, baina urte osoan zehar izotz-geruza lodi bat geratzen da Artikoko Ozeanoa estaltzen. Izotz horri izotz iraunkorra esaten zaio.
1979tik gaurdaino satelite bidez izotz horrek estaltzen zuen azalera neurtu dute eta urtero gertatzen diren aldaketak kuantifikatu dituzte. Neurketek urtez urte gero eta izotz gutxiago dagoela erakutsi dute. Gainera, aurten inoiz baino izotz gehiago urtu da. Orain arte, udan batez beste 6,5 milioi kilometro karratuko azalera izaten zuen izotz geruzak, baina aurten 5,5 milioi kilometro karratura jaitsi da. Bide horretatik jarraituz gero, 2050erako izotz iraunkorraren % 20 galduko dela aipatu dute adituek.
Diotenez, azkeneko urtze bortitz horren arrazoi nagusia azken hamarkadan Artikoan nagusi izan diren presio atmosferiko baxuak dira. Presio baxuek bi ondorio nagusi eragin dituzte: alde batetik uda epelagoak eta udaberri ekaiztsuagoak izan dira; beste alde batetik, presio baxu horiek Artikoko Ozeanoko ur-zirkulazioaren norabidea aldarazi dute. Klima epelagoak eta ur-zirkulazioaren aldaketak izotza urtzeko kondizio oso egokiak sortu dituzte eta hala frogatu dute satelite bidez eginiko neurketek.
Datuak nahiko larriak diren arren, zientzialariek ezin dute ziurtatu presio baxu horiek poluzio atmosferikoarekin eta ozono-geruza mehearekin zuzenean erlazionatuta dauden edo ez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia