Arthur Holly Compton
1994/04/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako fisikari hau Ohio-ko Wooster-en jaio zen 1892. urteko irailaren 10ean. Bere aita artzain presbiterianoa eta herriko eskolako dekanoa zen. Han lortu zuen Compton-ek 1913.ean graduatu-maila eta hiru urte geroago, 1916.ean, Princenton-en doktoregoa ere bai.
Urtebetez Fisika irakatsi zuen Minesotako unibertsitatean eta gero beste bi urtez Westinghouse Lamp Company etxean Pittsburgh-en lan egin zuen. 1919.ean Ingalaterrara joan zen urtebetez Cambridge-ko unibertsitatean Rutherford-en gidaritzapean ikastera. 1920.ean Missouri-ko Saint Louis-en Washingtongo unibertsitateko Fisika Saileko buru izendatu zuten, eta 1923.ean Chicagoko unibertsitatera aldatu zen.
Comptonek Barkla-ren saiakuntzak egin zituen materiak X izpietan eragiten zuen sakabanatzeaz. Barklak gaingiroki aztertu zuen X izpien barreiapena, baina Comptonek Bragg aita-semeen teknikak bere esku zituen eta sakabanatzen ziren X izpien uhin-luzera zehatz-mehatz neur zezakeen.
Lan hura 1923. urtean burutu zuenean, sakabanatutakoan X izpi batzuen uhin-luzera handiagotu egin zela ikusi zuen. Fenomeno hari Compton efektu deitu zitzaion, aurkitzailearen ohoretan, eta urte batzuk geroago Raman-ek argi ikuskorraren arloan antzeko aurkikuntza egin zuen.
Comptonek efektu hura honela esplikatu zuen: fotoi batek elektroi batekin talka egiten zuen eta elektroiak fotoiaren energi zati bat hartzen zuen, ondorioz uhin-luzera handiagotuz. Beraz, bazirudien fotoiak partikula gisa jokatzen zuela, eta horregatik, Newtonek postulatu bezala argiaren gorpuzkulu-izaera berriz kontsideratzen hasi ziren. Baina argiaren gorpuzkulu-izaera konplikatu egin zen Planck eta Einsteinen teoriak medio eta XIX. mendean Young, Maxwell eta Fresnel-ek ezarritako uhin-fenomenoak ez ziren argitzen.
Dena den, Comptonen lanean garrantzitsuena erradiazio elektromagnetikoak uhin izaera eta gorpuzkulu-izaera duela nabarmentzea izan zen. De Broglie-k berriz, teoria hura partikula arruntei (elektroiei, adibidez) ere aplikatzerik bazegoela frogatu zuen. Aldi berean uhin eta gorpuzkulu izateak zenbait zientzilari harritu egin zuen eta paradoxatzat hartu zen. Baina berez fotoiek edo elektroiek alderdi bat baino gehiago izatea ez da paradoxa.
1927. urtean bere izeneko efektua aurkitzeagatik Comptoni Nobel saria eman zioten, urte hartan Wilsonekin batera jaso zuelarik.
1930. urte inguruaz gero, Compton izpi kosmikoez arduratu zen. Milikan-en ustetan, izpi kosmikoak, gamma izpiak bezalaxe, elektromagnetikoak ziren, baina energia handiagokoak. Horrela izatekotan, izpi kosmikoek Lurraren eremu magnetikoaren eraginik ez zuten jasan behar eta Lurraren gainazaleko alde guztietara berdintsu erori behar zuten. Baina izpi kosmikoak kargatutako partikulak baziren, Lurraren eremu magnetikoak desbideratu egin behar zituen eta Lurraren polo magnetikoen inguruan ugariago detektatuko ziren.
Compton munduan zehar ibili zen bere neurketak eginez eta latitudeak bere eragina bazuela frogatu zuen. Beraz, izpi kosmikoek neurri batean kargatuta egon behar zuten.
Bigarren Mundu Gerran, Compton Manhattan proiektuan parte hartutako zientzilari garrantzitsuenetakoa izan zen. Proiektu haren arabera bonba atomikoa egin zuten, gero Hiroshiman eta Nagasakin lehertarazi zutelarik.
Gerra amaitu zenean, Washingtongo unibertsitatera itzuli zen. Errektore izan zen bertan, herio Kaliforniako Berkeley-n 1962.eko martxoaren 15ean etorri zitzaion arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia