}

Arteriosklerosia

1994/03/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arteriosklerosia (arterien esklerosia edo gogortzea) gaur egun nahikoa ezaguna zaigu hitz edo kontzeptu gisa, eta badakigu adineko pertsonengan arteriak “gogortzea” nahikoa gauza arrunta dela; urteen poderioz gorputzak izaten duen ia aje normaltzat kontsideratzeraino. Baina, beti horrela izan al da? Egin dezagun errepasotxo bat historian zehar. Epidemiologia

Gaitz berria al da?

XVI. mendetik hasita, hitza asko aipatzen da medikuntza-testuetan, garai bakoitzeko ezagutza-mailaren arabera, beti ere. Eta gainera paleopatologiak lesio arteriosklerotikoak giza hondakinetan hasiera-hasierako antzinatetik (Egiptoko momia batean, emakume adineko baten momian hain zuzen, arteriosklerosiak eragindako arrastoak aurkitu dira) presente daudela frogatzen du.

Dena den, gaitzari buruz zekitena hala-moduzkoa zen hasieran; Erdi Aroaren amaiera bitartean, XVI. menderarte, autopsia egitea debekatua baitzegoen erlijioa medio, eta ezagutza gehienak uste enpiriko hutsean oinarritzen baitziren. Autopsiak sistematikoki samar egiten hasi zirenean, gauza gehiago jakiteko aukera eduki zen eta gaitzari buruzko interpretazio desberdinak plazaratu ziren:

  • Arteriak, hezurren antzera, gogortu egiten ziren. Gauza naturala izango litzateke, adinaren arabera. Jaioberriaren fontanelak (kranioko hezurren arteko loturak) hezurtzen diren bezala, ba ...
  • 1830. urte inguruan sortu zen arteriosklerosi hitza, arterien loditze eta gogortzea adierazteko, baina hezurtze edo osifikaziorik gabeko loditzea adierazteko (Lobstein-ek proposatua).
  • Beste teoria baten arabera, prozesuaren jatorria inflamazioa izango litzateke.
  • Beste batzuentzat, ordea, depositu horiek ez lirateke odolean bertan legokeen alterazio baten ondorio besterik.

Gaur egun, Arteriosklerosia hitz orokorra da, arteriaren pareta gogortu eta loditu egin dela esateko erabilia. Izendapen horren barruan lesio-mota desberdinak onartzen dira eta arteriosklerosi-mota desberdinak ere bai: garunekoa, zahartzarokoa, umeena, hedatsua edo difusoa, periferikoa, etab.

Gaitza nola sortzen da?

Bihotzak, bizirik mantentzen gaituen motor txiki horren, minutu bakoitzean 5-30 litro odol bidaltzen ditu arterietarantz. Bihotza 70 bat aldiz uzkurtzen da minutuero, 100.000 aldiz egunean, 36 milioi aldiz urtean eta 70 urte egin dituen pertsonarengan bere bihotza 2.500 milioi aldiz uzkurtu dela esan daiteke.

Motore txiki eta ikaragarri horrek, hala ere, ardura bereziak behar ditu eta, guztion ahotan dagoen helburua ongizatea izanik ere, dena ez doa hain ongi osasun kontuetan, gaixotasun kardiobaskularrek ondotxo frogatzen dutenez: herrialde aurreratuetan gertatzen diren heriotzen erdia, gutxi gora-behera, gaitz kardiobaskularrei zor zaie (eta horrek Europan bakarrik milioitik gora heriotza eragiten ditu urtean).

Kardiopatiak prebenitzeko sei aholku nagusiak

  1. Erretzeari utzi.
  2. Gehiegi ez jan. Pisua zaindu.
  3. Gantz-azido saturatuak (haragi koipetsuak, hirugiharrea, hestebeteak, esnekiak, gurina eta margarina solidoak) gutxiago jan. Sukaldean aritzeko hobe landare-olioak (ekilorea, adib.) gurina edo margarinak baino.
  4. Ahal dela gorringoa baztertu.
  5. Tentsioa hartu, maiztasuna pertsonak duen adinaren araberakoa izanik. Baina zifrak normaltasunaren mugan badaude, normala baino maizago. Eta zifrak hipertentsiokoak badira (hori medikuak esango du), gatz gutxiko jan-neurria eta kontrol mediko egokia egin.
  6. Egunero ariketaren bat egin, sedentarismotik ihes egiteko: paseatzea, adibidez, oso gomendagarria da, adin-talde guztientzat.

Gaixotasun hauek planteatzen dituzten arazo sozio-ekonomikoak ere oso larriak dira; lan egiteko garaian, bete-betean, eta oraindik beren urterik sasoikoenetan dauden pertsonei erasotzen baitiete. Duela 20 urte, adibidez, oso bakana zen infartuak 50 urtetik beherako pertsona jotzea. Gaur egun, berriz, bakantasun-muga hori 35 urtera jaitsi behar da.

Arteriosklerosia, dena den, gehiago da kontzeptu anatomopatologikoa (autopsi kontua, bestela esan) kontzeptu klinikoa baino. OMEren termino kardiologikoen hiztegitxoan, “arterien barne-pareteko lesioa” dela esanda definitzen da, “gantz-pilaketak eta ehun fibrosoaren ugaltzeak dituena”. Odol-hodiaren pareta loditu eta gogortu egiten da, azken finean erabateko baso-butxadura edo obstrukzioa gerta daitekeelarik.

Odol-baso garrantzitsu baten obstrukzioak gaixotasunaren ohizko ezaugarriak agertaraziko ditu, baina obstrukzioa gertatzen ez den bitartean, bizimodua normala izango da, itxuraz behintzat. Horregatik, erradiologikoki uteroma kaltzifikatua diagnostika daiteke, ustekabean errutinazko azterketan aurkituta, ordurarte inolako sintomarik somatu gabe.

Gaitzak zein sintoma ematen ditu?

Gaixotasun kardiobaskularrena da gure garaiko “epidemiarik” hilgarriena. Eta ezin esan daiteke aberatsen edota exekutiboen gaitzak bakarrik direnik; berdin-berdin erasaten baitiote eskulanean ari den langileari edo bulegoko lepazuriari. Gaur egun arrisku-faktoreen barruan dagoen inor ez dago gaitz horietatik libre, nahiz eta bizimodu egokiarekin prebentzioa posible izan.

Heriotza-arrazoien artean, herrialde garatuetan, nagusiak gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia dira. Garatu gabeko herrialdeetan, ordea, gaixotasun infekziosoak % 10eraino iristen dira oraindik.

Heriotza-arrazoia

Gaixotasun kardiobaskularrak
Minbizia
Gripea eta pneumoniak
Istripuak
Bronkitisa, enfisema, asma
Zirrosi hepatikoa
Gaixotasun transmitigarriak
Diabetes mellitus
Nefritisa eta nefrosia
Tuberkulosia
Gainerako arrazoiak

Tasa

% 43,3
% 16,6
% 5,9
% 5,2
% 4,3
% 2,6
% 2,2
% 2,1
% 1,2
% 0,9
% 15

Manifestazio klinikorik larriena, kardiopatia iskemikoa da. Bihotzeko muskuluak behar adina odol jasotzen ez duenean (eta kasurik gehienetan egoera hori arteriosklerosiaren butxadurak eragina izan ohi da) gertatzen deneko egoera patologikotzat defini dezakegu kardiopatia iskemikoa.

Hipertentsioa presio arteriala gehiegi igotzea da. Arteria txikiak estutzen direnean, odol fluxuaren aurkako erresistentzia gero eta handiagoa da eta bihotzarentzat lana ere bai.

Trastorno horiek garuneko zirkulazioari erasaten diotenean, istripu zerebrobaskularra izaten da, bapateko paralisi eta guzti, zona jakin batean garuneko odol-irrigazioa eten egiten delako. Hori gertatzeko arrazoiak bat baino gehiago dira:

  • Garuneko odoljarioa, arteria txiki bat hausten denean (eta hori nahikoa usu izaten da pertsona hipertentsoengan).
  • Garuneko tronbosia. Arteria baten barruko koagulu edo odolbilduak garuneko odol-zirkulazioa eten egiten du, arteria horrek irrigatu behar lukeen arean lesio larriak sortaraziz: hemiplejiak, edota paralisiak (alde bakarrekoak normalean). Garuneko tronbosia da apoplejiaren (“buruko atakearen”) arrazoirik normalena eta gaixotasun kardiobaskularren baten bapateko agerpena izan daiteke.
  • Garuneko enbolia. Normalean bihotzetik askatu den odolbildu batek garuneko arteria bat butxatzen du eta apoplejia edo atake baten antzera agertzen da.

Prebentzioa. Ezer egin al daiteke?

Fase preklinikotik heriotzara pasa daiteke zuzenean, edo miokardioko infartu akutura, edota angina ezegonkorrera, egunetan edo astetan iraun dezaketen krisiekin. Prozesuak aurrera segituko balu, azken arrisku gisa angina kronikoa dago.
Eskema hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Arteriosklerosiaren kalteak hiru arteria-taldetan gertatzen dira batipat: bihotzeko arterietan, garuneko arterietan eta beheko gorputzadarretako arterietan, lokalizaziorik normalena koronarioa baldin bada ere (bihotzekoa, alegia). Eta kardiopatia arteriosklerosoaren manifestaziorik ohizkoena bapateko heriotza da zoritxarrez. Beraz, kasu horietan nekez egin daiteke prebentziorik.

Hala ere, eta oro har hitz eginez, kardiopatia koronarioak bere baitan hartzen ditu bularreko angina eta miokardioko infartua. Eta hobeto ulertzeko, prozesua bi fasetan bana daiteke: fase preklinikoa edo asintomatikoa da aurrena, eta fase klinikoa ondorengoa.

Fase preklinikotik (eta fase hau EKG bidez, esfortzu-proban medikuak antzeman edo diagnostika dezake), heriotzara pasa daiteke zuzenean (bapateko heriotza, lehen manifestazio kliniko bezala), edo miokardioko infartu akutura (ik. Elhuyar. Zientzia eta Teknika, 68. zk.) edota angina ezegonkorrera, egunetan edo astetan iraun dezaketen krisiekin (atsedenaldian zein esfortzu txikiak egindakoan). Angina ezegonkorra duten gaixo hauek joera handiagoa dute infartuak berriz izateko bapatean ezer baino lehen miokardioko infartua dutenek baino, eta beraz, angina ezegonkorra denean hartu behar dira ardura edo arretarik handienak (atsedenaldia, etengabe aztertzea). Prozesuak aurrera segituko balu, azken arrisku gisa angina kronikoa dago.

Heziketa sanitarioa

Arrisku-faktoreak zaindu egin behar dira. Faktore horiek era askotakoak direnez, helburu nagusiak erretzeari uztea, hipertentsioa kontrolatzea eta maila normaletan mantenduz kolesterola zaintzea dira.

Elikadura-mailako heziketak garrantzi berezia du, eta hasiera-hasieratik aplikatu behar da. Gogora dezagun, bitxikeria gisa, biberoiz elikatutako bularreko haurrengan arteria iliakoetan kaltzifikazioak aurkitu izan direla (konpon daitezkeenak, noski) elikadura gehiegizkoa eta desegokia izan deneko kasu batzuetan.

Arrisku-faktoreen despistajea

Batez ere hiru arrisku-faktore nagusiak dituzten pertsonentzako osasun-kanpaina prebentiboak antolatu behar lirateke: tentsio arteriala aztertzea (hipertentsoentzat), kolesterola (eta glukosa ere bai) odolean zifra normaletan mantentzea, eta tabakoaren kontrako ekintzak bultzatzea (erretzaileentzat). Eta iharduera fisikoa, tamaina egokian eta pertsona bakoitzari dagokion neurrian, bultzatzea ere bai.

Bestelako arrisku-faktoreen eragina askoz ere txikiagoa da: ahotiko antisorgailuena (batipat emakumea erretzailea baldin bada) diabetearena, obesitatearena, bizimodu sedentarioarena, estresarena, hezueriarena (azido urikoaren maila altua), aurrekin edo familian antezedenteak izatearena.

Eskema hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia