}

Arrozaren kode genetikoa argitu da

2002/04/05 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bi zientzialari-taldek arrozaren genoma aurkeztu dute gaur.
Ezkerretara japonica subespeziea, eskuinean indica .

Arrozaren kode genetikoaren lehen zirriborroak aurkeztu dituzte Beijing-eko eta Suitzako zientzialari-talde bik. Beijing-eko taldeak Txina eta Asia ia osoan landatzen den indica subespeziea ikertu du, eta Suitzako Syngenta enpresak, aldiz, Japonian eta herrialde lehorretan landatzen den japonica subespeziea.

Talde bakoitzak bere aldetik egindako ikerketa izan da, eta biek, Japoniak abiarazitako Arrozaren Genomaren Ikerketa Programa deritzon proiektuari aurrea hartu diote. Erabili duten identifikazio-teknika izan daiteke horren arrazoia. Celera enpresak giza genoma ikertzeko erabili zuen metodo bera erabili da, Whole Genome Shotgun deritzona. Teknika hori normalean erabiltzen dena baino azkarragoa da, baina emaitzak ez dira oso zehatzak, horregatik plazaratutako emaitzak zirriborroak besterik ez dira.

Edozein modutan, zirriborro horiek arrozaren genomaren ikerketarako oinarri oso ona direla dio zientzia-komunitateak. Arrozaren genoma ezagutzeak uzta hobeak izateko arroz-barietate berriak sortzea ahalbidetuko du. Genomako geneak identifikatu eta uztan etekin hobeak izango dituzten barietateak lortuko omen dira; ez bakarrik transgenesiaren bidez, baizik eta baita barietate basatietatik abiatutako gurutzamendu berrien bidez ere.

Gaur arte ez da uzta-landareen genomarik aurkeztu, arrozarena da lehena. Gizaki batek baino 30.000-40.000 gene gehiago dituzte bi subespezieek, eta Arabidopsis thaliana -k baino lau aldiz gehiago –orain arte identifikatu den landare-genoma bakarra da Arabidopsis -arena–. Genoma osoa argitzen den unean, beste uzta-landareen genomak aztertzeko oinarritzat erabiliko dela uste da, arroza baita genoma ‘sinpleena’ duen uzta-landarea.

Horrek guztiak ondorio izugarriak izan ditzake mundu mailan, arroza munduko populazioaren erdiaren oinarrizko elikagaia baita. Urtero 600 miloi tona arroz ekoizten da eta horietatik % 50 Txina eta Indian landatutakoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia