Arrokak bazter guztietan
2001/09/27 Elhuyar Zientzia
Eros asteroidea joan den otsailean egin zen ospetsu komunikabideetan, NEAR-Shoemaker zundak bertan lurrartzea lortu zuelako. Ustekabeko arrakasta izan zen hura, baina ez azkena: Erosen gainazalak txundituta utzi ditu ikertzaileak.
"Orube bat bezalakoa da", adierazi du Erosen argazkietan lanean ibili den astronomo batek. Izan ere, ehunka arroka-zati daude asteroidearen gainazalean sakabanatuta, eta aztarna guztien arabera, talka bakar baten ondorio dira. Badirudi duela 1.000 milioi urte gorputz batek Erosen kontra talka egin zuela. Ondorioz, 7,6 kilometro zabal den kraterra eta hondakin piloa sortu zuen. Hondakinak, arroka-zatiak, espaziora jaurtiak izan ziren, baina askok ez zioten asteroidearen grabitate-indarrari ihes egin eta gainazalean pausatu ziren. Asteroideen grabitate-indarra ahula denez, halakorik ezin zela gertatu uste zen, baina Erosek kontrakoa erakutsi du. Beste asteroideetan ere berdin gertatzen den ala hau salbuespena den argitzea da kontua.
Galdera asko dago, dena den, erantzuteke. Adibidez, hondakin horiek guztiak krater berekoak dira, baina Erosen krater asko dago. Non daude beste haietako hondakinak? Zergatik galdu zituen batzuk eta ez besteak? Gainazaleko arrokak higatuta daude, baina Erosen ez dago ez urik ez atmosferarik. Nola gertatu da higadura?
Are misteriotsuagoak dira, dena den, Erosko "hautsezko urmaelak". Gainazaleko sakonuneetan ehunka urmael detektatu dira; hain zuzen ere, NEAR zunda horietako batean pausatu zen. 10 bat metro zabalera eta metro gutxiko sakonera dute, eta edukiak zementu lehorraren moduko zerbait dela dirudi. Ikertzaileak urmael horiek nola sortu ote diren asmatu nahian dabiltza, oso bitxiak baitira.
Informazio osagarria:
Rock garden on Eros
Historiako lehen "asteroideratzea"
Topaketa espaziala
Harri koskorraren usaina hartzen
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia