Arratoien biboteak robotentzat eredu
2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Robotei jartzen zaizkien sentsoreen munduan, aurrerapauso bat eman dute. Illinoisko Evanstongo Unibertsitateko bi mekanika-ingeniarik arratoien biboteen mekanismoa imitatu nahi izan dute robot batean.
Arratoiek ez dute oso ikusmen zorrotza, eta, bizi diren ingurunearen irudi mentala egiteko, oso baliagarri zaizkie biboteak. Biboteekin objekturen bat ukitzean, horiek mugitu egiten dira, eta mugimendua biboteen oinarriraino transmititzen da. Oinarriaren higidura hori da arratoiak erabiltzen duen informazioa, eta, hori oinarri hartuta, mugimenduaren eredu matematikoa garatu eta robot bat diseinatu dute.
Robota, funtsean, biratzen den barra bat da. Barrari lau bibote erantsi dizkiote ilaran jarrita, eta bibote bakoitzaren oinarrian mugimendua neurtzeko sentsore bat. Sentsoreak datuak jaso ondoren, eredu matematikoak biboteek ukitutakoa irudikatuko du.
Hainbat erabilera izan ditzake robotak. Besteak beste, planetak arakatzeko ibilgailuen azpialdean jarrita, azpian duen gainazala nolakoa den jakin ahal izango luke, eta horrek asko erraztuko lioke ibilaldia.