}

Arraskalatximini erratza

1997/01/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Erratza

Aztergai dugun espezie honekin, landare-familia berri bati hasiera emango diogu. Liliazeoen familia honen ezaugarri nagusitariko bat, sustrai tuberiformeak, errizomak eta erraboilak izatea da. Zenbaitetan landare igokariak izaten dira. Belarki bizikorrak eta zuhaizka-itxurako muluak nekez azaltzen dira.

Batzuetan, hosto murritzak dituzte, eta hauen ordez hosto-itxurako zurtoin-zati lautu eta berde batzuk, kladodio izenekoek, funtzio klorofilikoa betetzen dute. Loreak gehienbat hermafroditak dira. Bere baitan 280 bat genero eta 4.000 espezie inguru hartzen ditu. Adibidez, tulipanak, baratxuria, tipula edo esparragoak.

J. Terés

Bestalde, aztergai dugun Ruscus generokoak, belarki bizikorrak edo zuhaiskak izaten dira, eta Europan 3 espezie inguru aipatzen dira. Euskal Herrian berriz, aztergai dugun erratza besterik ez dago.

Berez erratza mulua da, gora 1 m edo gehiago haz daitekeena. Zurtoin zurrunak, berde ilunak eta goialdean adartsuak ditu. Kladodioak berriz, obatu eta lantzeolatu bitartekoak ditu eta mutur zorrotzaz bukatzen dira. Loreak oso txikiak dira (eta batere ez deigarriak). Martxotik maiatza bitartean azaltzen dira. Fruituak, udazkenean eta neguan heltzen dira, eta baiak biribilak, kolore gorri bizikoak eta oso deigarriak izaten dira.

Banaketari dagokionez, lurralde osoan nahiko ondo ordezkaturik dagoela esan behar dugu, eta hainbat motatako basoetan artadi, karraskal, harizti eta abarretan landare tipikoa dugu erratza. Halaber zenbait sastrakaditan.

Erratz latzak egiteko erabili izan da (tximiniak garbitzeko, esate baterako) eta sendabelartzat hartu izan da, gosegarria eta diuretikoa dela diotelarik.

Familia: liliazeoak
Espeziea: Ruscus aculeatus
Banaketa: lurralde osoan ondo banandua
Habitata: baso eta sastrakadietan
Sendabelarra: bai

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia