Arranoen bidaia misteriotsuak agerian
1998/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Espainiako hego-mendebaldean bizi den eguzki-arranoaren inguruan zegoen misterio handienetako bat argitu da duela gutxi.
Espezie hau kudeatzeko garaian zailtasun handia egon da beti; eguzki-arranoak jaio eta urtebetera desagertu egiten ziren eta handik urte batzuetara itzultzen ziren txitatzera. Denbora-tarte horretan hilkortasun-tasa handiak zeudela konturatu ziren, baina ezin zen gauza handiegirik egin nora joaten ziren eta nola hiltzen ziren jakin gabe.
Javier Oria zientzialariak, sateliteen laguntza behar izan du misterioa argitzeko. Izan ere, bi urtez, zortzi arranoren jarraipena egin du satelitearen laguntzaz. Arrano gazteak, habia utzi ondoren, hegoaldera ehundaka kilometro egin ditzaketela frogatu izan da eta bertan egoten dira heldutasun sexualera iritsi bitartean. Ondoren, jaio ziren tokira itzuliko dira bikotea bilatu eta ugaltzera.
Kasu batean, sateliteak Senegaleko lurretan atzeman zuen arrano gaztea.
Hilkortasunari dagokionean berriz, argi gelditu da, elektrizitate-zutoinak direla erantzule nagusi eta arrano gazteen % 60 elektrokutaturik hiltzen dela.
Zenbait eskualdetan zutoinak aldatu eta mugitzeko egitasmoak aurrera eraman dira eta hilkortasun-tasaren jaitsiera nabarmena izan da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia