Arraina uraren garbitasuna neurtzen
1996/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegoamerikako ur gezetako Apteronotus albifron izeneko arrainak pultsu elektrikoak igortzen ditu bere ingurua analizatzeko. Ura garbia denean pultsuen maiztasuna kilohertz batekoa (1.000 pultsu segundokoa) izaten da gutxi gora-behera. Ura kalitate txarrekoa denean ordea, pultsu elektrikoen maiztasuna aldatu egiten da.
Frantziako Nancy hirian arrainaren ezaugarri hau aprobetxatu dute edateko uraren poluzioa neurtzeko. Gymnotox izeneko aparatua prestatu dute horretarako. Funtsean urez betetako ontzia da eta barruan beirazko tutu bat du. Arrainak harri arteko zuloetan egoteko ohitura duenez, berez joaten da beirazko tutuaren barnera eta ia mugitu gabe hortxe egoten da.
Tutuaren muturretan elektrodo bana dago eta horiek jasotako pultsu elektrikoak ordenadorera bidaltzen dira, zeinak haien erritmoa eta forma etengabe analizatzen baititu. Urak poluziorik badu (baita oso txikia bada ere), berehala detektatzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia