}

Arnasketa kontziente eta geldoak nola erlaxatzen gaituen argitu dute

2017/03/31 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

arnasketa-kontziente-eta-geldoa-nola-erlaxatzen-ga
Arg. Pixabay

Gizakiok aspaldi erabiltzen dugu arnasketa geldo eta kontrolatua lasaitasun mentala lortzeko eta krisialdiei aurre egiteko, baina orain arte neurologiak ez du jakin zein zen horren oinarri fisiologiko eta neuronala. Stanfordeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek, ordea, saguen garunean identifikatu dute zein den arnasketa eta garunaren maila goreneko aktibitatea lotzen dituen gunea.

Garunaren enborrean dagoen gune bat dela ikusi dute, garunaren eta bizkarrezur-muinaren artean kokatua, eta 350 neurona inguruk osatzen dutena. Neurona horiek bi ezaugarri dituzte: batetik, zenbat eta azkarragoa izan arnasketa, orduan eta aktiboago daude; eta, bestetik, beren zeregina da garuneko beste gune bati seinaleak bidaltzea, hain zuzen ere, gorputzak estresari eta beldurrari erantzuteko duen guneari (lokus zeruleoa). Arnasketa geldoak gutxiago aktibatzen ditu lehenengo neurona horiek, eta ondorioz, haiek gutxiago aktibatzen dute lokus zeruleoa bera. Lokus zeruleoa garuneko goi-mailako aktibitateak erregulatzen dituzten eremuekin dago lotuta, hortaz, horiengan du eragin zuzena.

Bestetik, aurkitu berri diren neuronak kendutakoan, ikusi dute ez diola eragin arnasa normaltasunez hartzeko ahalmenari, baina saguak lasaiegi azaldu dira. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Yoga, meditazioa eta arnasketa kontzientea erabiltzen duten bestelako tekniken eragina azaltzeko balio izan du ikerketak, agerian jarri baitu jada bagenekiena: arnasa funtzio autonomo sinple gisa ikusten dugun arren, eragin handia du pentsamenduan eta jokaeran. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia