}

Armiarma-sarea

1994/07/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herriko Komunitate Autonomoko hirietan, maiz altxata ikusten ditugu espaloiak eta errepideak, tutu bat edo beste sartzeko aitzakiaren ondorioz. Azkenetako “altxamendu” horietan zuntz optikoa sartzen aritu direla entzun izan da, baina hori zertarako egin den edota zuntz optikoaren inguruan pertsona gutxik daki zer asmo dagoen.

Aurtengo udazkenerako Bibon, Gasteizen eta Donostian Eusko Jaurlaritzak dituen zerbitzu desberdinak zuntz optikoaren bidez lotuta geratuko direla esatea pertsona askorentzat ez da oso adierazgarria izango. Hemendik urte-pare batera zuntz optikoa enpresetaraino helduko dela esatea, enpresentzat aukera berriak irekitzea da, besteak beste datu-bilaketetan, informazio-transmisioan, produktu-salmentetan, etab.etan, eta horrek enpresarentzat zerbait esan nahi du. Azkenik, lauzpabost urte barru gure etxeetaraino helduko dela esanda, eta idazkera asmatu zenean bezalako iraultzaren atarian izango garela iruditzen zait.

Zuntz optikozko sareak, ohizko kobrezko sareekin alderatuz, besteak beste bi desberdintasun nabari ditu: batetik argiaren abiaduraz baliatzea, eta bestetik informazio-butxadura saihestea, hau da, informazioa autopistatik ibilaraztea.

Etxeetaraino zuntz optikoa iristen denean, telefonoa, telebista eta ordenadorea (edo hiruren eginkizuna beteko duen gailua) bertara konektatzerik egongo da. Beraz, telefonoaz hitz egitean, solaskidea monitore batean ikusterik izango dugu; dozenaka telebista-katea eskura izango ditugu eta nahi dugun filmea edota ikuskizuna magnetoskopiorik gabe ikusiko da; datu-bankuetan nahi diren hiztegi, entziklopedia edo liburu elektronikoak erraz kontsultatzerik izango da; erosketak edo bankuetako harremanak etxetik ordenadorez egiterik izango da; etab.

Zerbitzu hauen ordainketa, egun gasarekin egiten den antzerakoa izango da, hau da, etxearen sarreran informazio-kontagailu bat egongo da eta kontagailuak markatuko duen bit-kopurua izango da ordainketa-oinarria.

Euskal Herriko Komunitate Autonomoan ezezik, munduan gero eta leku gehiagotan bide berari ekin diote eta 2000. urtearen inguruan gure Lurrak armiarma-sarearen itxura izango duela esatea zilegi da. Sare horretan zirkulatzen ari den gehiena atzitzerik izango denez, horretantxe dago nire kezka. Euskal kulturaren adierazgarri diren produktuek sare horretan zirkulatzen ez badute, atzerriko produktuak besterik ez ditugu erabiliko, eta ondorioz, kultur kolonizazioaren atarian aurki gaitezke.

Hori gerta ez dadin, arestian aipatu zerbitzuak eskainiko dituzten euskal enpresak sortu behar dira, eta aldi berean jendea datorkigun industria berri honetan, informazio industrian hain zuzen ere, trebatu behar da. Horretarako, administrazioak informazio industria industri sektoretzat hartu eta behar diren laguntza zein sustapen-planak antolatzea erronka estrategikotzat joko nuke.

Badirudi txanda honetan indartsu agertzen ari zaigun industria berri batean lehian aritzeko posizio onean gaudela; azpiegitura fisikoa eratuta izango baitugu. Gainera sektore horretan puntan aritzeak beste sektoreetan posizioak hobetzea ekarriko lukeela ez dut dudarik egiten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia