Arlanpe: Bizkaiko historiaurrea ulertzeko lau leiho
2014/07/01 Rios Garaizar, Joseba - Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroa - CENIEH | Garate Maidagan, Diego - Bilboko Arkeologi Museoa | Gómez Olivencia, Asier - Parisko Historia Naturalaren Museoa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arlanpeko aztarnategia Arratiako haranean kokatua dago, Lemoako udalerrian. Aztarnategia 1961. urtean aurkitu bazen ere, haren benetako potentzial arkeologikoa 2006an gauzatutako lehen zundaketekin jarri zen agerian. Oro har esan dezakegu Arlanpeko kobazuloa bai gizakiek bai beste animalia batzuek erabili izan dutela gutxienez azken 150.000 urteetan. Bi giza espeziek erabili zuten babesleku gisa: neandertalek, antzinako Erdi Paleolitoan zehar, eta gure espezieak, Goi Paleolitoan eta Brontze Aroan, batik bat. Paleolitoko geruzetan, ehizatutako animalien arrastoak aurkitzen dira, arruntenak basahuntza ( Capra pyrenaica ) eta sarrioa ( Rupicapra pyrenaica ), inguruko eremu menditsuarekin bat etorriz. Hala ere, beste karniboro- (ikus goiko taula) eta ungulatu-espezie batzuk ere topatzen dira, eta azken horien artean aipa ditzakegu oreina, orkatza, elur-oreina, zaldia edota uroa, inguruko beste ekosistemen adierazle.
Sedimentuak garbitzean, mikroornodunen hezurrak ere aurkitu dira. Hala, Arlanpen 34 taxoi identifikatu dira, 23 ugaztun, sei narrasti eta bost anfibio. Espezie horien eta ingurunearen arteko lotura oso estua denez, taxoien eta indibiduo-kopuruaren aldaketek inguruaren aldaketak islatzen dituzte. Gauza bera gertatzen da sedimentuan aurkitu dugun zuhaitzen eta beste landareen polenarekin. Azkenean, aztarnategien indusketa suntsipen-prozesu kontrolatu gisa deskriba dezakegu, jasotzen ez den informazioa betiko galtzen baita. Ikusi dugunez, aztarnategiek era askotako informazioa eskaintzen digute, eta, beraz, nahitaezko da alor desberdinetako ikerlarien lan koordinatua, ahalik eta datu gehiena lortzeko.
Iragana liburutegi baten gisara irudikatuko bagenu, aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoak haren paragrafo, orrialde edo liburuxkak izango lirateke. Arlanpeko aztarnategian, elkarren segidan ez doazen lau orrialde bereizi ditugu. Lehena, eta garrantzitsuena, Antzinako Erdi Paleolitoari dagozkion mailak dira, zeinak Erdi Pleistozenoaren amaieran kokatzen baitira, hau da, duela 200-115 mila urte. Kronologia horretako aztarnategi gutxi egoteaz gain, Arlanpekoak kantauriar isurialdeko zaharrenetarikoak izan litezke. Maila horietan, neandertalen harri-tresnak topatu dira, eta inguruneari buruzko informazioa lortu dugu. Neandertal-talde horiek harri-tresna desberdinak ekoitzi eta erabili zituzten, batik bat lutitaz egindako aurpegibikoak edo suharriz egindako puntak eta karraskagailuak (ikus 48. orriko taula). Talde horiek eremu zabalak kontrolatzen zituzten, Urbasa eta Trebiñutik Bizkaiko kostalderaino. Ingurumenari dagokionez, badirudi garai horren amaierako klima nahiko ona izan zela, eta basoak asko garatu zirela, glaziazioarteko garai baten seinale.
Kobazuloaren erabileraren beste une garrantzitsu bat duela 17.000 urte izan zen. Garai hartan, Solutrealdiko ehiztari-biltzaileek ehizarako prestatzeko erabili zuten kobazuloa. Egonaldi motz haiek eta haien interpretazioa harri-tresneriaren kopuruak eta morfologiak zehazten digu, eta ehizarako tresnak bereziki garrantzitsuak dira. Beste tresna batzuk, berriz, hezurrezkoak dira, eta apaingarriak --animalia-hagin zulatuak batik bat-- ere topatu dira. Maila arkeologiko horiek bereziki garrantzitsuak dira Solutrealdiaren barruan kokatuta egon arren Madeleinealdiaren hasiera sumatzen delako.
Madeleinealdian, orain dela 14.000 urte inguru, kobazuloa modu sinbolikoan erabili zen. Garai hartako ehiztari-biltzaileek emakumeen figura eskematikoak grabatu zituzten kobazuloaren erdian antzeman den kareharri handi batean. Grabatu horiek Frantzian eta Alemanian topatutakoen antza dute, eta oso urriak dira Iberiar penintsulan. Gainera, Arlanpekoak Europan aurkitutako zaharrenetarikoak izango litezke. Errepresentazio horien zabalkuntza, ziurrenik, azken glaziazioa bukatzen ari zen unean gertatu zen giza taldeen iparralderako mugimenduekin erlazionatua egongo da, hain zuzen ere, Europako erdialdea berriro ere bizitzeko moduko lekua zen une batean.
Arlanpek eskaintzen digun iraganerako azken leihoan (orain dela 3.500 urte inguru, Brontze Aroan), haitzuloa hilobi gisa erabili zen. Kobazuloko alde desberdinetan aurkitu dira kronologia horretako giza hezurrak. Horrez gain, erdian dagoen muintxo bat testuinguru horretan gauzatutako errituekin erlazionatua egon daiteke.
Bosgarren leiho bat, oraingo honetan historiaurretik kanpokoa, erromatarren garaian kokatu behar dugu, garai horretako IV. mendean. Kobazuloa, berriz ere, modu sinbolikoan erabili zen, hobiak egin ziren, eta eskaintzak utzi ziren, animalia-hezurrekin batera.
Argi dago Arlanpe dela Bizkaiko lehenengo biztanleen bizimodua ezagutzeko leku garrantzitsuenetariko bat, eta, gainera, Paleolitoko beste une batzuei buruzko informazio baliagarria ere ematen digula. Euskal Herriko Kuaternarioko ekosistemen eta historiaurrearen liburutegia osatzen jarraitzeko beste aztarnategi batzuetan egiten ari diren (Santa Katalina, Lezetxiki, Bolinkoba, Balzola, eta abar) eta ari garen (Aranbaltza, Punta Lucero, Atxurra) ikerketekin batera, hondar-ale baliagarria izango da.
Informazio gehiago izateko
Esker ona
Arlanpen gauzatutako lanetarako, ezinbestekoa izan da indusketetan parte hartu duten pertsonen laguntza. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako liburua ikerkuntza-proiektuan parte hartu duten jakintza-alor anitzeko talde baten lanaren ondorioa da. Mila esker, Lemoako herriari eta udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Barandiaran Fundazioari, Eusko Ikaskuntzari eta Harpea Kultur Elkarteari bai indusketan bai ikerkuntzan eman diguten laguntzagatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia