}

Argia 'ikusten' duten proteinak identifikatu dituzte

2002/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erloju biologikoak gorputzeko erritmoak kontrolatzen ditu, eta erritmo fisiologiko hori gutxi gorabehera 24 ordukoa denez, ziklo zirkadianoa deitzen zaio. Zikloa kontrolatzen duen mekanismoa oso konplexua izan arren, gero eta hobeto ezagutzen da.

Duela gutxi, erloju biologikoan parte hartzen duen proteina-multzo bat identifikatu dute AEBetako Darmonth Unibertsitateko ikertzaileek. Ikerketa ogiaren lizunean egin dute, ondoen ezagutzen den eredu genetikoa baita. Proteina horiek detektatzeaz gain, ziklo zirkadianoaren funtzionamendua azaltzea lortu dute ikertzaileek, eta argiak mezu molekularren erreakzio-katea nola abiarazten duen erakutsi dute.

Haien esanean, aurkikuntza baliagarria izango da sendagaiak banatzeko sistema berriak egiteko, ingeniaritza genetikoa erabiliz proteina horien ezaugarriak baliatu ahal izango baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia