Argia gidatzeko zuntz berriak
1998/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bath-eko Unibertsitateko optikari batzuek zuntz optiko mota berri bat sortu dute, argiaren transmisioa asko hobetuko duena. Zuntz optiko normaletan dopaturiko siliziozko muinean zehar mugitzen da argia, eta ondorioz, argia garraiatzeko mugak daude: adibidez, zuntzaren diametroak oso txikia izan behar du, bestela argia zeharka mugitzen hasten da, paretetan islatzen da eta argi-seinaleak desfasaturik iristen dira bukaerara. Bestalde silizio dopatuak ez du balio uhin-luzera ezberdineko argi-seinaleak garraiatzeko.
Zuntz optiko berrietan argia muinean dauden zulo finetan mugitzen da eta era honetan ez dago silizioa dopatu beharrik. Era honetan zuntzaren transmisio-ahalmena handitu egiten da eta uhin-luzera ezberdineko seinaleak garraia daitezkeenez, luzera bakoitza informazio-mota bat transmititzeko erabil daiteke. Gainera zuntz hauek argi-seinale indartsuagoak garraiatzeko balio dute eta, beraz, bere bidean zehar anplifikadore gutxiago beharko dira seinalea bere helburura irits dadin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia