Argazkiak ordenadore-pantailan
1993/03/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zenbakizko sistema edo digitala erabiltzen duten argazki-kamerek berebiziko abantailak dituzte, ohizkoekin konparatuta. Izan ere, argazkia filmean ez eta disket batean hartzen baitute, gero irudia ordenadore-pantailan ikus daitekeelarik. Irudia pantailan dagoela gainera, ukitu, sailkatu, oina jarri eta abar egin daiteke, disketean, disko gogorrean edo CD-n (disko konpaktuan) gorde baino lehen. Modemaz eta telefono-lineaz baliatuta, bestetik, irudia munduko edozein lekutara bidal daiteke.
Azkenaldian argazkia hartzeko euskarritzat disketa (eta ez filmea) duten kamerak indartsu ari dira merkatura sartzen. Kamera elektroniko analogikoak edo zenbakizkoak (digitalak) izan daitezke, motaren arabera, baina nolanahi ere, garbi ikusten da diapositibak proiektatzeko egon ohi diren arazoak (gela iluna behar da, proiektore eta pantaila arteko distantzia egokia topatu behar da, argazkiak ez dira alderantziz ipini behar, etab.) laster amaituko direla.
Denok dakigunez, etxebizitzatan jadanik telebista-monitore ugari dago bideokasetak direla eta zine-pantaila gisa funtzionatzen ari dela, baina hemendik aurrera pelikulak ezezik norbere argazkiak ere (senideei ateratakoak, oporretan ateratakoak, etab.) ikusi ahal izango ditu bertan. Ordenadoreari loturik gainera, profesionalek beren artxiboak sailkatu, irudi-oinak ipini, irudiak “ukitu” edo telefono bidez edozein lekutara igorri ahal izango dituzte. Golkoko Gerran, esaterako, Japoniako eta Estatu Batuetako kazetari batzuek probatu zuten sistema hau.
Kamera analogikoak
Igaro berria dugun 1992. urtea zenbakizko argazkiarena izan da. Lehendik ere ezagutzen zen argazki elektroniko analogikoa. Kamera hauetan irudia seinale analogiko jarrai gisa erregistratzen da (bideoko bandan bezala), baina zenbakizko kamera edo digital izenekoetan irudia datu informatikozko multzo bihurtzen da (bat eta zero ikurrak konbinatuz lortutako datuak izaten dira), datu bakoitza irudiko pixel ( picture element hitzen laburdura da) edo lauki txiki-txiki bati dagokiolarik. Kamera guzti hauetan, ohizko emultsioko pelikularen ordez oinarrian CCD ( Charge Coupled Device ) duen euskarria ipintzen da, zelula fotosentikorren bidez argia seinale elektriko bihurtzen dutelarik.
Canon etxeak bi urte daramatza bere Ion sistema eskainiz. Aparatu magnetikoa da; Still Video Camera (irudi finkoko bideokamera) deritzona eta gutxi gorabehera 120.000 pta. balio duena. Bi hazbeteko (5 cm inguruko) diametroa duen disket txiki batean koloretako 50 irudi erregistra ditzake. Irudia 235.000 pixeletan (786x300) bapatean hartzen da disketean, baina musikako kasetetan bezala nahi denean ezabatu ere egin daiteke, beste bati leku egitearren.
Irudiak ikusteko, nahikoa da kamera telebistara magnetoskopioak edo kameskopioak bezala zuzenean Y/C sarrerara konektatzea. Aparatuarekin batera hornitzen den teleaginte baten bidez pasa daitezke pantailan argazkiak batabestearen ondoren. Gero irudi horiek bideoan jaso daitezke eta diaporama gisa pasa daitezke musika, hitza, etab. erantsita.
Eta lehendik eginda dauzkagun argazki “zaharrei”, zer egin? Ez dago zertan kezkaturik. Lehendik dauzkagun diapositibak edo argazki-negatiboak Ion kameraz berriz fotografia daitezke eta disketera pasa, 30.000 pta. inguru balio duen egokitzaile baten bidez. Horrela argazkilari profesionalak bere fotografiak gaika, urteka edo nahi duen arabera sailka ditzake eta ondoren telebistan azkar ikus ditzake nahi duenean originalak erabili gabe.
Beste etxe batzuek ere atera dituzte kamera analogiko berriak. Nikon-ek QV-1000C eredua dauka salgai, Sony-k ProMavica izenekoa eta horrez gain Olympus-en eredu batzuk eta Minolta-ren beste batzuk daude. Oraingoz Japonian eta Estatu Batuetan bakarrik saltzen bada ere, ProMavica izeneko kamera reflex motakoa da eta Canon, Nikon eta Sony-ren objektibo guztiak onartzen ditu. Seinale gorri, berde eta urdinarentzat (hauetako bakoitzarentzat) CCD hirukoitzeko sistema du eta 380.000 pixeleko irudia lor dezake.
Erabat kamera digitala
Horiez gain, irudia digitalki hartzen duten kamerak ere azaldu dira: Logitech etxearen Photoman edo Kodak-en DCS (Digital Camera System) izenekoak, adibidez. Ordenadorera zuzenean konektatzen direnez, irudiak berehala trata daitezke. Photoman izeneko kamera txikia da eta 140.000 pta. inguru balio du. Oso arina eta foku-distantzia finkokoa da (kamera klasikoetan 55 mm-koaren parekoa), 106.000 (376x282) pixeleko definizioz zuribeltzeko 32 irudi har ditzakeelarik.
Kamerako txip (RAM) batean gordetzen dira irudiak eta noiznahi konekta daitezke bulegoko edo etxeko mikroordenadorera (PC edo bateragarriren batera, adibidez). Irudiak ordenadore-pantailan ikusten dira horrela. Gainera Fototouch izeneko programaren bidez 256 gris-tonutan trata daitezke irudiak. Irudia gorde ondoren, edozertan erabil daiteke: edizio elektronikorako, artxiboa osatzeko, modem bidez edozein lekutara bidaltzeko, eta abarretarako. Irudiak gutxi gorabehera 100 kilobyte hartzen dituenez, 1,4 MB-eko disket normal batean 14 irudi sar daitezke.
Askoz ere aurreratuagoa da Kodak etxearen DCS izeneko eredua. Nikon-en F3 reflexa du oinarri (beraz, honen optika-sorta osoa erabil daiteke) baina pelikularen ordez 1.280x1.024 pixeleko CCD euskarria du. DM3 euskarrian zuribeltzeko irudiak hartzen dira eta DC3 euskarrian koloretakoak. 1,3 milioi pixeleko definizioa dute, eta definizio handiko telebistan lortzen den kalitatearen pareko direla esan daiteke. CCD-ren sentikortasuna, izan ere, zilar-emultsioko 200-400 ISO sentikortasuneko pelikulen parekoa da koloretako irudietan eta 400-800 ISO-koaren parekoa zuribeltzekoetan. Kamera honek motorea ere badu eta segundoko 2,5 irudi hartzeko gauza da. 8 MB-eko memoria duenez (32 MB-eraino hedaraz daiteke), kolpera sei irudiko (edo 24eko) sorta atera daiteke. Hartutako irudi hauek, DSU ( Digital Storage Unit ) izeneko memoria digital batera husten dira.
Memoriak sei kilo pisatzen ditu eta kaxa batean soinean eramaten du zintzilik argazkilariak. 200 MB-eko ahalmena du eta 156 argazki sar daitezke (36 argazkiko 6 erroilo adina), baina irudiak konprimatzen badira 600 argazkiraino sar daitezke memorian. Aipatutako DSU memoria 12 V-eko bateriak elikatzen du eta aginte-teklatuaz gain 10 cm-ko pantaila txiki bat ere badu, erregistratutako argazkiak berehala ikusi eta kontrolatzeko. Canonen Ion eta Logitech-en Photoman kamerekin ez bezala, Kodaken DCS-rekin argazkilariak autonomia osoa du, edozein tokitan egonda ere, bere lana noiznahi kontrola dezakeelako.
DCS-ko irudiak Macintosh ordenadorera (II edo SE/30 eredura, adibidez) edo PC-ra pasa daitezke SCSI atetik. Horrez gain DCS kamera (eta Photoman ere bai) ordenadore eramangarriari konekta dakioke. Kodak-en DCS kamerak, dena den, hiruzpalau milioi pezeta balio ditu eta oraingoz profesionalen esku baino ez dago. Gero irudiak inprimatzeko Kodak-en XL-7700 inprimagailua erabil daiteke.
Guztiz kamera digitalak (aipatutako DCS edo Photoman izenekoak, adibidez), zuzenean konekta daitezke ordenadorera, baina Canon-en Ion edo Sony-ren ProMavica kamera analogikoek seinale analogikoa digital bihurtu behar izaten dute. Horretarako mikroordenadorean txartel grafikoa eduki behar izaten da. Horregatik Canon etxeak 300.000 pezeta ingurutan Ion RC-260 kamerarekin batera PC-n ezartzeko digitalizazio-txartela (768x576 pixelekoa) eta behar duen programa eskaintzen ditu. Gero irudi hauek laserrezko koloretako inprimagailuan (Canon-en CLC-500 ereduan adibidez) atera daitezke.
Garbi dago, beraz, duela 150 urte inguru jaio zen argazkigintza “kimikoa” XXI. mendean sistema historikoa eta erabat zaharkitua izango dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia