Argazki-kamera digitalak
1997/04/01 Otaolaurretxi, Jon Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gai honetaz lehen ere arduratu izan gara Elhuyar . Zientzia eta Teknika aldizkarian (ikus, adibidez, 87. aleko “Argazki Numerikoak” izeneko artikulua edo 69. aleko “Argazkiak Ordenadore-pantailan” izenekoa). Dena dela, egunetik egunera ari dira aurrerapenak egiten eta gaur egungo egoera deskribatzeari interesgarria deritzogu.
Argazki digitala, pelikularik gabe ateratzen dena da. Kamerak kaptoreak ditu objektiboa zeharkatzen duten argi-izpien energia energia elektriko bihurtzeko. Lortzen den irudia puntuz puntu digitalizatu, konprimatu eta aparatuaren barneko oroimenean edo txartel batean gordetzen da. Kamera digitala edo txartela mikroordenadoreari konektatuta, irudiak ordenadoreko disko gogorrera pasa daitezke. Ondoren, ordenadore-pantailan argazkiak manipulatu, deformatu, osatu, etab. egin daitezke.
Orain arteko oztopoak
Orain arte argazki-kamera digitalek izandako oztopo nagusiak beren prezioa eta ateratako argazkien araztasun falta izan dira. 50 ISOko ohizko pelikulak ematen duen bereizmenera heltzeko, kamera digitalek 18 milioi pixel eduki behar dituzte. Pixela irudia definitzeko puntua denez gero, zenbat eta pixel gehiago eduki, hainbat eta bereizmen handiagoa izango da irudian.
Kamera digital profesional batzuek (Kodak-en DGS edo Digital Camera System 460 ereduak, adibidez) 6 milioi pixeleko argazkia ematen du, baina prezioa ikaragarria delako ezin du edozeinek erosi. Jende arruntarentzat duela bi urte eta erdi Apple eta Kodak-ek ateratako Quicktake 100 kamera digitalak 300.000 pixeleko bereizmena zuen. Gero 1995eko azaroan Casio-ren QV-10 kamera plazaratu zen. Kristal likidozko pantaila zuen kamerak eta hartutako irudiak berehala ikus zitezkeen. Baina bereizmen txikikoa eta garestia zen (150.000 pta. edo 6.000 libera).
Digitalaren abantailak
Bereizmenean ohizko kameren parera iristen ez bada ere, kamera digitalak baditu bere abantailak. Argazkia hartu orduko kristal likidozko pantailan ikusteko eta inprimatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, gustukoa ez den argazkia berehala ezaba daiteke.
Kamera digitalak erabiliz gero, ez dago ohizko sisteman bezala pelikula errebelatzera eta kopiak ateratzera inora joan beharrik. Norberak bere bulegoko inprimagailuan atera ditzake kopiak, edo telebistako monitorean ikus ditzake nahi duenean.
Irudien bereizmen-falta ere gero eta txikiagoa da, azkenaldian atera diren kamerak aztertzen badira behintzat. Canon etxearen Power Shot 600 kamerak 570.000 pixeleko irudiak egiten ditu eta Olympus-en Camedia C-800L kamerak 810.000 pixelekoak.
Olympus-en kamera honek 200.000 pta. edo 8.000 libera balio du. Merkeena, berriz, Kodak-en DC20 makina da; 68.000 pta. edo 2.700 libera balio du. Adierazi beharra dago Japoniako Sega etxea 35.000 pta. edo 1.400 liberako kamera digitala ateratzekoa dela.
Kamera hauen beste abantaila bat tamaina eta pisuarena da. Ohizko makina konpaktuen antzeko neurriak dituzte eta pisua 120 eta 300 gramo bitartekoa izaten da. Bisore optiko, zoom, makro objektibo eta abarrez hornitzen dira, eta eranskailu horietako batzuek badute berezitasun interesgarria. Minolta-ren Dimâge V aparatuari, adibidez, zoom biragarria metro bat luzeko kableaz konektatzen zaio eta argazkilari-piloa dagoenean, pertsonaia famaturen bati erretratua ateratzeko aski da eskua altxatu eta besteen buru gainetik zooma bakarrik ateratzea.
Kamera digitalen beste abantaila bat argazkiak telebistako monitorean ikusi ahal izatea da. Ez dago, beraz, diapositiba-proiektorearen beharrik. Gainera, argazkia ateratzen denean oharrak har daitezke. Canon-en PowerShot 600 , Ricoh-en DC-2 eta Nikon-en CoolPix 300 makinek, adibidez, argazki bakoitzari hartzean hitzez egindako oharrak jasotzeko aukera dute. Nikon-en aipatutako makinak, gainera, agenda elektronikoa du eta Apple-ren Newton -ean bezala kristal likidozko pantailan boligrafo elektronikoaz oharrak idatzi egin daitezke.
Internet sarean ibiltzea gustatzen zaienek ere Kodak-en DC20 , DC25 eta Nikon -en CoolPix 100 makinen bidez munduko beste muturreraino bidal ditzakete beren fotoak.
Bi joera makina berrietan
Argazki-kamera digitalen iraultza honetan, bi joera nagusi daude. Batak kameran argazkiak atera ondoren mikroordenadorea erabiltzea eskatzen du. Kamera, nolabait esan, ordenadorearen laguntzailea da. Ordenadoreko pantailan argazkiak ikusi, ukitu eta birmoldatu egin daitezke.
Bigarren joerak ordenadorea alde batera uzten du eta kable baten bidez inprimagailu berezi bati konektatzen zaio. Horrela, zuzenean ateratzen dira argazkiaren kopiak. Dena dela, irudiak tratatu nahi izanez gero ordenadorera konektatzeko aukera ere badute.
Joera honetako kamera da Olympus-en Camedia . Horretarako bereziki prestaturiko P-150E inprimagailura zuzenean konektatzen da. Sublimazio termikoz funtzionatzen du eta A6 formatua koloretan bi minutuan inprimatzen du. 100.000 pezeta edo 4.000 libera balio du eta kopia bakoitza 125 pezeta edo 5 liberatan ateratzen da. Sistemak, ordea, akats batzuk baditu. Camedia kamerak zoomik ez du eta gainera pilak asko gastatzen dira.
Bigarren joera honetakoa da Casio-ren QV-100 kamera ere (112.500 pta. edo 4.500 libera balio du). Sublimazio termikoz funtzionatzen duen QG - 100 inprimagailu txikiari (42.000 pta. edo 1.700 libera balio du) konektatzen zaio. Aldea 15 cm-koa duen kutxa karratu honek kiloa pisatzen du eta zinta autoitsaskorrezko kartutxoak erabiltzen ditu 42x55 mm-ko kopiak ateratzeko (90 pta. edo 3,5 libera kostatzen da bakoitza).
Joera nagusia kamera eta inprimagailuz osatutako sistema ultratrinkoak erabiltzea da. Fujifilm etxeak adibidez, DS7 kamera sistema termo-autokromo izeneko inprimagailu arinaz aurkezten du. Ez du tinta-zintarik edo kartutxorik erabiltzen; kolore hori, cyan eta magentazko geruzak dituen paper berezia baizik (kopia bakoitza 100 pta. edo 4 libera kostatzen da).
Irudiak aldatzeko programak
Argazki digitalen abantaila erakargarrienetakoa irudiak ukitu eta aldatu ahal izatea da. Horretarako programa ezagunenak PhotoEnhancer (Picture Works Technology-rena) eta PhotoDeluxe (Adobe-rena) dira. Koloreak aldatu, akatsak kendu, flashak utzitako itzalak disimulatu eta beste hainbat eragiketa egin ditzakete. Edozeinen esku dago argazkiak makilatzea, oinak ipintzea, etab. Fujifilm etxeak berriz, “Archivist” izeneko programa du eta, orain arte aipatutako lanez gain, Internet-era konektatzeko bidea eskaintzen du.
Meta Tools etxeak “Kai’s Powe Goo” programa dauka; Kodak-en DC20 eta DC25 makinekin batera etortzen dena. Irudia deformatu egin dezake karikatura uzteraino. Bi irudi nahastuta beste bat ateratzeko aukera ere eskaintzen du.
Dena den, oraingoz argazki-kamera digitalak ohizkoekin konparatuz garestiagoak dira, baina arlo honetan egiten ari diren ikerketak eta aurrerapenak kontuan hartuta, hemendik lau urtera munduan saltzen diren argazki-makina guztien % 30 digitala izango dela kalkulatu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia