}

Archaeopteryx-aren luma-hondarrak hauteman dira fosil batean

2010/05/11 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Archaeopteryx-aren fosil batean luma-hondarrak hauteman ditu Manchesterreko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Lehenengo hegaztien artean ezagunena da Archaeopteryx, eta hegaztien eta dinosauroen ezaugarriak ditu (lumak eta hortzak, esaterako). Ikertzaileek X izpien sinkrotroi bat erabili dute, eta, fosila kaltetu gabe, haren estruktura eta osaera kimikoa aztertzeko beta izan dute.

Orain arte uste zen fosilean lumen inpresioak baino ez zeudela; baina, ikerketak argitu du lumen inpresioetan konposizioa ez dela inguruko arrokarenaren parekoa, eta, horrenbestez, fosilizatutako luma- eta ehun-hondarrek hor jarraitzen dutela.

Bestalde, ikertzaile-taldeak museoak ohartarazi ditu horrelako fosilak garbitzerakoan kontu handiz ibili daitezen; izan ere, egiten dizkieten tratamenduekin informazio zientifiko benetan baliagarria galtzen ari litezke.

Argazkia: W.I. Sellers \ Stanford Synchrotron Radiation Lightsource.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia