}

Araztegietako lohiak bor-borka

2003/03/28 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

INASMET zentro teknologikoa araztegietako lohiak tratatzeko prototipoak garatzen ari da. Izan ere, Europako legedi berriaren arabera, 5.000 biztanletik gora dituzten herri guztiek ur-araztegiak izan beharko dituzte edo gertuko herriren batean beren urak garbitu beharko dituzte.

Legedi hori dela eta, Gipuzkoan bertan, instalazio berriak irekitzeko asmoa dago. Horretaz gain, hondakinen
ur-kantitatea eta materia organikoaren kantitatea mugatu egingo da, araztegietan sortzen diren arazoengatik.

Horrek guztiak, alde batetik lohi-kantitatea handitzea ekarriko du eta, bestetik, lohi horien tratamendua hemen bertan egin beharko da. Horregatik, garrantzitsua da lohi horiek duten uraren zatirik handiena kentzea eta, bestalde, lohietan dagoen materia organikoa birziklatzea.

Lohien lehortzea eta gasifikazioa

Esan bezala, lohien zatirik handiena ura izaten da, % 90-95, hain zuzen ere. Egun, araztegi guztietan ur hori kentzeko tratamendu mekanikoak erabiltzen dira, baina emaitzak ez dira nahi bezain onak. Hori dela eta, araztegietan, sistema horien ordez tratamendu termikoko sistemak erabiltzeko plan bat jarri dute abian. Hain zuzen ere, lehortze termikoa erabiltzen duten sistemen bidez, lohietatik ur gehiago ken daiteke eta soilik % 15-20 ur duen hondakin solidoa lortzen da.

INASMETeko gasifikazio-prototipoa.

Lohi lehortu horiek Inasmetek garatu dituen gasifikazio-prototipoan erabiltzen dira ondoren. Prototipo horretan, lohiak, pixkanaka,
800-900 ºC-tan bor-borka ari den hondarrezko ohe batean sartzen dira. Hondarrezko ohe horrek metro beteko altuera du eta bertatik pasatzen den airearen eraginez egiten du bor-bor. Hain zuzen ere, tenperatura eta airea dira lohiek duten materia organikoa eta ura lurruntzen dituztenak, eta, ondorioz, gasifikazioa eragiten dutenak. Gainera, une oro, ohean dagoen oxigeno-kantitatea kontrolatzen da errekuntzarik ez gertatzeko.

Gasifikazioaren ondorioz, karbono monoxidoa eta hidrogenoa lortzen dira gehienbat, baina, gas horietaz gain, karbono dioxidoa, metanoa eta ur lurruna ere eskuratzen dira. Azkenean, gasifikazioaren emaitza erretzeko egokia den gas-multzo bat da. Eta, hain zuzen ere, gas-multzo hori oso erabilgarria da errekuntza-prozesu batean sartu eta beroa edo energia elektrikoa eskuratzeko.

Horixe da prototipoak eskaintzen duen beste aukera bat: lohien tratamendua egiteaz gain, energetikoki ustiagarria den lehengaia ekoizten du. Gainera, kontuan izan behar da araztegietan lohiak lehortzeko ezarriko diren sistema berriek, tratamendu termikozkoek, energia elektrikoaren kontsumoa handituko dutela, eta energia hori gasifikazio-instalazioetatik eskuratzen bada, instalazioaren energia-balantzea orekatu egingo da.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia