}

Arazoak orbitako teleskopioan

2006/06/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia




Hubble teleskopioaren kamera nagusia hondatu egin da. Ingeniariek ez dakite zein den arazoaren jatorria, eta kamera aztertzea zaila da, teleskopioa Lurraren orbitan dagoelako.

Horrelako arazoak ohikoak dira, baina, gehienetan, egun bateko epean konpontzen dira. Oraingoan, ordea, kontu larriagoa da: kamerak ekainaren 19an detektatu zituen software-arazoak, eta oraindik ezin izan dute konpondu.

Ingeniariek diote sistema elektroniko nagusian egon litekeela arazoa, eta, hala bada, ordezko sistema martxan jartzea da konponbidea. Hala ere, orain arte ez dute ordezkoa inoiz piztu behar izan, eta ez dakite ondo funtzionatzen duen. Gainera, ordezko sistema piztuz gero, asteak beharko lituzkete teleskopioa kalibratzeko. Ez dakite zer egin.

Izan ere, erabakia ez da erraza. Alde batetik, teleskopioa itsu geratu izanak ikerketa asko eten ditu, eta, beraz, kamera konpondu behar duten ingeniariek presio handia dute lanean. Bestetik, Wide Field Camera 3 izeneko kamera berria dute Lurrean, teleskopiora igo eta instalatzeko prest, baina horretarako luze itxaron beharko dute.

Argazkia: NASA