Aplikazio bat, 1 motako diabetesa duten gaztetxoek indar-ariketak segurtasunez egiteko

2025/08/22 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

aplikazio-bat-1-motako-diabetesa-duten-gaztetxoek
Arg. Ser Amantio di Nicolao/CC BY-SA 4.0 /Wikimedia Commons

1 motako diabetesa duten haur eta nerabeek, kontrol egokirik gabe indar-ariketak eginez gero, hipogluzemia izateko arriskua dute gauez. Hori saihesteko, mugikorrerako aplikazio bat garatu du Ignacio Hormazabal Aguayo Jarduera Fisikoaren Zientzietan lizentziadunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen doktoretza-tesian. Diactive-1 izena du aplikazioak, eta, egilearen esanean, 1 motako diabetesa duten gaztetxoentzat, aurrerapauso bat da ariketaren pertsonalizazioan, eta lagungarria izan daiteke haien autonomia eta bizi kalitatea hobetzeko.

Tesian, hiru alderdi aztertu ditu Hormazabalek: 1 mota diabetesaren eragin globala populazio pediatrikoan, ariketaren eragina gaueko hipogluzemian, eta Diactive-1 aplikazioaren garapena eta baliozkotzea.

Lehenengo zatian, frogatu zuen munduko eskualde askotan, etengabea dela 1 motako diabetes-kasuen gorakada. Bigarren zatia Navarrabiomedeko Haur eta Gazteen Jarduera Fisikoko Unitateak egin zuen, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Endokrinologia Pediatrikoko Unitatearekin lankidetzan. Ikusi zuenez, indar-ariketa intentsoa gaueko hipogluzemia izateko arrisku handiagoarekin lotzen da; batez ere, kilo bakoitzeko 1,04 unitate baino gehiagoko intsulina-dosia jasotzen duten pazienteen kasuan. Hortik ondorioztatu zuen garrantzitsua dela ariketa fisikoaren gomendioak indibidualizatzea, paziente bakoitzaren intentsitatea eta testuinguru klinikoa eta farmakologikoa kontuan hartuta.

Azkenik, Diactive-1 aplikazioa sortu zuen, berariaz erabiltzaile horientzat. Aplikazioa protokolo kliniko egituratuan oinarritzen da, eta indar-ariketaren preskripzio indibidualizatua eta progresiboa egiteko aukera ematen du. Hala, gomendioak egokitu egiten ditu, erabiltzailearen glukosa-mailaren eta joera-geziaren arabera. Adibidez, entrenatzea segurua den edo lehenik glukosa-mailak eta haren joera egonkortu behar ote diren adierazten du. Talde esperimental batekin ebaluatu du aplikazioa, eta, parte-hartzaileek berretsi dutenez, aplikazioa erabilerraza eta baliagarria da.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia