}

Apar isolatzaile zeramiko berria

2001/05/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Israelgo ikertzaile batzuek material zeramiko isolatzaile berria garatu dute. Material hori asbestoaren eta beste hainbat isolatzaile arriskutsuren ordezkoa izan daiteke.

Material hori orain kantitate txikitan ekoizten ari dira. Horretarako, Gideon Grader zientzialariak Cellaris enpresa berria sortu du. Grader isolatzailea garatu duen taldeko zuzendaria da, Haifa-ko Technion-Israel Teknologia Institutua erakundean.

Isolatzaile berrien garapena oso esparru garrantzitsua da, urteetan erabili direnak ez baitira osasunerako onak. Urte askotan isolatzaile termiko nagusia asbesto izenekoa izan zen. Material horrek biriketako hainbat gaixotasun eragiten ditu, minbizia barne. Arazo horren aurrean, beste zuntz zeramiko asko garatu ziren. Zuntz zeramikoak, ordea, orratz-itxurako hautsa sortzen du eta partikula horiek ere biriketan kalte handia sor dezakete.

Israelgo ikertzaileek garatu duten materiala, zeramikoa izan arren, apar-itxuran erabiltzen da. Izan ere, % 95 inguru airea da. Airea oso isolatzaile termiko ona da, baina ez da kasu guztietan erraz gordetzen. Horregatik, material zeramikoz sortutako aparra oso eraginkorra da. Gainera, isolamendu termikoa ez da material horrek izan dezakeen aplikazio bakarra, isolatzaile akustiko gisa eta poluitzaile-harrapatzaile bezala ere joka baitezake.

Material zeramiko hori nagusiki aluminio-oxidoz eratuta dago. Osagai metaliko hori duten kristal txikiak dira abiapuntua. Berotuz gero, kristalak urtu egiten dira eta polimero-kateak sortzen dira. Berotze-prozesua aurrera egin ahala, nahastearen disolbatzailea eta polimeroa bereizi egiten dira. Gehiago berotuz gero, disolbatzailea lurrundu egiten da eta milaka burbuila txiki osatzen ditu, aparra, alegia. Apar horren egitura polimeroak egonkortzen du.

Zientzialariek aparra 1998an garatu zuten. Eta hurrengo helburua aurtengo ekainean azken frogak egiteko laginak prestatzea hartu izango da. Probak Estatu Batuetako eta Europako hainbat enpresatan egingo dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia