Antzinako lakuen aztarnak Marten
2010/01/05 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
NASAren Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) zundak planeta gorrian jasotako irudi berriak aztertuta, ikusi dute Marteko zenbait lakutan ur likidoa uste zutena baino geroago ere bazegoela. Ondorio horretara iristeko, Marteko sakonune batzuk aztertu dituzte Londresko Imperial Collegeko ikertzaileek.
Ikertzaileek uste zuten sakonune horiek Marten duela lau bilioi urte izandako sublimazio-prozesuan gertatu zen izotz-galeraren ondorioz sortu zirela, prozesu horretan izotza gas bihurtzen baita. Dena den, MRO zundak jasotako irudietan ikus daitekeenez, sakonune horiek zenbait kanalen bidez konektatuta daude. Eta ikertzaileen esanean, ez da horrelako kanalik sortzen haietatik ura igaro ezean. Alegia, ez dira sortzen izotza gas bihurtzen delako.
Harrigarriena da horiek guztiak, sakonuneak eta kanalak, Marte ustez leku hotza eta lehorra zenean eta azalean ur likidorik ez zuen garaian sortu zirela. Ikertzaileen arabera, litekeena da sumendien aktibitateak, meteoritoen talkek eta abarrek horretan laguntzea. Horrenbestez, ikertzaileek uste dute jarduera geologiko horiek izotza urtzeko beroa eta azalean ur likidoa mantentzeko presioa eman zietela planetari.
Irudia: NASA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia