Antzinako frutarbolen kontserbazioa, oroipena ala aurriskupena?
1993/08/01 Grabieres, Ganix Iturria: Elhuyar aldizkaria
Abbadia eremuan hektarea bateko lursailean, garai batean batez ere Ipar Euskal Herrian eta Biarnon landu ziren frutarbolak biltzen dira. Mintegi hau Akitaniako Landare Kontserbatokiko parte da.
Galdu zen ondarea
Hazitegietako arduradun, arbolazain eta nekazari ugarik bertako barietateak lantzea alde batera utzi eta barietate berrietara jo du.
Akitaniako probintzia bakoitzak, orain dela 20 urte baino gutxiago, eskualde zein estatu-mailako salmentari begira zegoen fruta-produkzioa zuen. Gauza bera gertatzen zen Ezpeletako kantonamenduko Itsasun.
Zoritxarrez, Ikerketa Agronomikorako Institutu Nazionalak 1945 eta 1960 bitartean bildutako eta aztertutako sagarrondo-barietate gehienak desagertu egin dira sagazti eta hazitegietatik eta beste batzuetatik ale bakan batzuk besterik ez daude.
Nekazal ondarearen txirotzeari aurre egiteko, landare-kontserbatoki bat sortzea erabaki zen.
Beranduegi izan baino lehen, barietaterik adierazgarrienak edo urrien zirenak biltzea beharrezkoa zen.
Frutarbola Barietateen Kontserbatokiko iharduerak
* Inbentarioak eta deskribapenak
Hasierako prospekzioak nola-hala egin baziren ere, orain Frutarbola Barietateen Kontserbatokiarekin harremanetan jartzen diren pertsonek, interesa dute edo antzinako barietateak ezagutzen dituzte.
Horri esker lagin asko osatzerik izan da, espezieen deskribapenak eginez eta argazkiak ateraz. 500 sagarrondo-fitxa baino gehiago, adibidez, daude artxibategietan.
Gorde ezezik, hobeto ezagutu ere egiten dira.
* Ikerketa-lanak
Egun ongi ezagutzen ez diren barietate hauen abantaila zein ahulezia agronomiko eta genetikoak aurkitzeko, ikerketa ugari burutzen ari da: landare-zorri hauskararekiko portaera; pikartadura; zurina; su-gorrina; loraketaren azterketa...
Zenbait laborategik ikerketa honetan parte hartzen du; batzuek zuzenean, besteek aholkuak emanez eta beste batzuek beren materiala mailegatuz
* Pedagogi iharduerak
Frutarbola Espezieen Kontserbatokiak, urtero eta jendearentzat, mentaketa, inausketa, ongarriztaketa edo bizkarroiei buruzko ikastaroak antolatzen ditu.
* Landareen hedakuntza
Espezieak kontserbatzearekin batera, oso garrantzitsua da garai batean mendi-soroetan zeuden landareak berriro ere landatzea.
Kontserbatokian, aipatu espezieetako batzuk hazten dira eta ondoren salmentan jartzen.
Oraingo bildumak
Akitaniako Frutarbola Espezieen Kontserbatokia, 1982.az geroztik, Landetako Parke Natural Erregionaleko erdigunean dagoen Sabres-ko ekomuseoan kokaturik dago.
Egun, 1.000 barietate baino gehiago biltzen ditu, horietatik 600 sagarrondoak (hauetatik % 80 jatorriz Akitaniakoak) direlarik.
Dena den, bildumak bikoiztea komeni da, erabat edo neurri batean desagertzeko (bakterio-gaixotasunak, klimagatiko istripua, ...) arriskuari aurre egiteko eta klon hauen balio agronomikoa hobeto ezagutzeko.
Horrela, espezie-bilduma honetako espezie bakoitza bere jatorrizko lurraldean kokatutako kontserbaziorako lursail espezializatu batean ere hazteko beharra ikusi da.
1988. urteaz geroztik, euskal espezieen eta Biarnoko espezieen bilduma bikoiztu egin da “Abbadiako Eremua” landare-kontserbatokia sortuz geroztik.
Abbadia eremuko Landare-Kontserbatokia
Ipar-mendebaldeko haizeetatik (haize indartsutik, gazitasunetik) ongi babestua dagoen lur-sail batean artoa egiteari utzi zitzaiola aprobetxatuz eta leku horren balio biologiko eta ondarezkoak aberasteko asmoz, 1988. urtearen bukaeran euskal eta biarnoar espezieen landare-kontserbatokia sortu zen. 1989. urtearen amaieran kontserbatokia hedatu egin zen.
Landaretoki berri honek 500 arbola baino gehiago ditu une honetan; besteak beste ehun sagarrondo-mota baino gehiago, berrogeita hamar gereziondo-mota baino gehiago, aranondoak, mertxikondoak, mizpirondoak eta baita mahatsondoak ere.
Erabilitako landaketa-sistema, plastikozko estalketa (zoruarena bakarrik) eta ongarri berdea dituen landaretegiari dagokiona da.
Plastikoz estaltzea estetikoa ez baldin bada ere, dituen abantailak kontutan hartu behar dira: belar txarren hazkundea mugatu egiten du; lurzoru aldapatsuetako higadura oztopatzen du; lurra astiro berotzen du; eurien eraginez zoruak trinkotzea oztopatu egiten du; lehorteetako lurrinketa mugatu egiten du; lurreko mikrofauna eta aireztapena bultzatzen ditu.
Ongarri berdeak (materia organiko guztia bertan geratu eta erregularki lurperatu egiten dira) zenbait elementu mineralek sortutako lisibaketa-fenomenoak mugatzen ditu. Beraz, lurperaketa eta aldika sega pasatzea lurra aberasteko metodoak dira. Eremuko beste lurretan ez bezala, dibertsitate botanikoaren hazkundeari laguntzen dio.
Arbolak “titare-eite apala” izeneko inausketaz gidatzen dira. Euskal Herrian ohizkoena “lau haizetarako eitea”ren bidezkoa izan bada ere, itsasertzetiko hurbiltasunak derrigor bihurtu du arestian aipatu eitea, haizeen eragin kaltegarriei aurre egin ahal izateko.
Nahiz eta zabaldu berria izan, Abbadiako eremuko landare-kontserbatokiak, bertako ondarearen zaindaritzan parte hartzen du, eta ez bakarrik antzinako barietateak eta kontzientzia kolektiboa zainduz; baizik eta publiko zabalari erakutsiz ere bai.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia