Izortze Santin Gomez, EHU

EHUko ikertzailea

Antonio Banderas


Nire zutabearen izenburua ikusita, seguru harrituta geratu zaretela. Baina lasai, ez ditut lerro hauek erabiliko Espainiako couché paperari buruz hitz egiteko. Azalduko dut kontua. Aurreko egunean irakurri nuenaren arabera, Antonio Banderas aktoreak pankreako minbizia sendatzeko dirulaguntza bat emango dio Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) Mariano Barbacid ikertzaileari. Atentzioa eman zidan lerroburuak, “pankreako minbizia sendatzea” eta halako adierazpenak ur handiak direla uste baitut.

Jakin badakit azkenengo asteetan asko hitz egin dela Barbacid ikertzailearen taldeak egindako aurkikuntza zientifikoaz. Hiru farmakoren arteko konbinazioa erabiliz, saguetan pankreako minbizia desagerraraztea lortu dute. Ikerketaren emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu zituzten joan den urteko abenduan, eta, hasiera batean oihartzun handirik izan ez zuen arren, urtarrilean Barbacidek emandako prentsaurreko baten ondorioz, berria komunikabide askotara iritsi zen. Handik geroztik, Barbacid bera bere farmako-konbinaketarekin entsegu klinikoak egiteko finantzaketa eskatzen ibili da telebistako programa ikusienetan.

Barbaciden ikerketa-taldeak egindako aurkikuntzari garrantzia kendu barik, gai honen inguruan egin den komunikazioa oso eskasa izan dela uste dut. Pankreako minbiziaren sendabidea aurkitu dela irakurri izan dut lerroburu askotan, eta telebista-programetan baieztatu da tratamendua gizakietara 2-3 urtean irits daitekeela. Honek guztiak zurrunbilo ikaragarria sortu du. Alde batetik, pankreako minbizia duten gaixoak eta haien familiak CNIOko ateetara hurbildu dira, entsegu klinikoetarako beren burua boluntario gisa aurkezteko. Bestetik, ugariak izan dira Barbaciden ikerketarako finantzaketa eskatu duten norbanakoak.

Hau guztia aintzat hartuz, bi hausnarketarekin bukatu nahiko nuke. Alde batetik, gizartean, eta bereziki gaixoetan, espektatiba faltsurik ez sortzeko, ezinbestekoa da ikerketa biomedikoen emaitzak zehaztasunez, umiltasunez eta zuhurtziaz komunikatzea. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait pankreako minbizia bezalako gaixotasun hilgarri baten sendabideaz ari garenean.

Bestetik, ikerketaren finantzaketak ez luke enkante baten antza hartu behar. Zer gertatuko litzateke ikertzaile guztiok audientzia handiko programetara joango bagina finantzaketa eske? Ikerketarako finantzaketa publikoa eskasa bada ere, badira horretarako konkurrentzia-deialdiak. Bertan ikerketa-taldeen ibilbidea, emaitzak eta ideiak aztertzen dira, eta dirua parametro horien arabera esleitzen da. Horrekin ez dut esan nahi Barbacidek ez duenik finantzaketa merezi, baina, segur aski, berak bezainbeste merezi duten ikertzaileak badabiltza lan eta lan, nahiz eta haien ikerketak prime timeko programetan ez agertu.

Denak ez du balio.

Izortze Santin Gomez, EHU

EHUko ikertzailea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali