}

Antoine Abbadia: 1810-1897

1993/08/01 Sagarzazu, Iñigo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antoine Abbadia, entziklopedia unibertsal handietan agertu, baina ondorengo belaunaldietan desagertuko diren izen horietako bat al da?

Entziklopedia Britannicaren orri distiratsuetan duen zutabe preziatua eta Espasa Calpe-ren entziklopedia erraldoian duena laster desagertuko dira garai berriagoetako notableek irabazita.

Abbadia beraz, bere garaiko pertsonaia izan zen; bizi diren bitartean fama eta ohoreaz gozatu duten horietakoa, baina bitarte horretan besterik ez.

Bera bezala zientzi lanetan aritutako pertsonak ahazteko arrazoia, gaur egungo zientziak arlo itxietarako eta mikroespezialitateetarako duen joera dela uste dugu. Hori horrela, giza ezagutzaren historiako pertsonaia batzuk tokirik gabe geratu dira. Jakintsuak dira hauek. Antoine Abbadiak ez zion bizitza osoa esperimentu bati eskaini; ezta ikerketa-arlo bereko bi edo hiruri ere. Aitzitik, asko eta asko izan ziren landu zituen arloak, eta gaitasunez landu ere. Are gehiago, jakintza batzuk bere indarrak ahitu artean landu zituen eta ezagutzeko nahia asetzeko bakarrik, bestelako onurarik bilatu gabe.

Luis Napoleon (Napoleon III) Abbadiak Brasilerako bidaian ezagutu zuen 1836.ean.

Antoine Abbadia Dublin-en jaio zen 1810ean, gurasoak Frantziako iraultzatik ihesi alde egindako Ürrüxtoiko euskaldun bat eta Elisabeth Thompson of Parck izeneko emakume irlandarra izanik.

Familia handi, zoriontsu eta aberats hark gozatu zizkion aitari desterruko mingotsak. Bide batez esan dezagun, izugarrizko aberastasun haiek aitak Irlandako altxamendurako armak Bilbotik helduaraziz eskuratu omen zituela. Baina 1820. urtean, monarkia berrezarri zenean, Frantziara itzuli zen, hasieran Tolosan eta ondoren Parisen bizitzera.

Parisen sortu zitzaion Antoineri jakinmin ikaragarri hura eta bere lehen proiektuak bertan jaioak dira.

Erromantizismo-garaia zen eta, beraz, urte haietako lan guztiak suhartasunak hartuta abiatzen ziren.

Abbadiak Etiopian geodesia espeditiboa erabiliz lortutako datuekin osatutako mapetako bat. ( Oharra: Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).

Ez zegoen beraz, interesik gabeko gairik Antoinerentzat. Dena zen erakargarri beretzat eta ez zuen arte, zientzia, esoterismo edo erlijioaren artean bereizketarik egiten. Bizitza osoan berarekin izan zuen ikasteko dohain emankor eta izugarriak ez zuen haustura edo kontraesanetan murgildu. Zalantza, gatazka eta haserrea nagusi zireneko urte haiek oso emankorrak izan ziren Antoine Abbadiarentzat. Chateaubriand miresten zuen eta haren nobeletatik hartua zuen bidaietarako ideia eta asmoa. Sorbonako klaseek zoraturik zeukaten. Bertan izan zituen irakasleak Frantziako hemeretzigarren mendean goi-mailako pertsonaiak izan ziren denak: Guizot, Cousin eta Villemain zuzenbidean eta Biot eta François Arago zientzietan.

Azken honek, Pariseko behategi astronomikoaren zuzendari zelarik, zuzendu zituen Antoineren unibertsitate-ikasketen azken urteak. Ikasketa sendoak izan ziren, baina askotan Antoineren ezagutza-gosea zela eta, beste bide batzuk hartzen zituen: jakintza-arlo guztietara irekita zegoen Antoinek, Mademoiselle Lenormand, Josefina enperatrizaren igarle famatua bisitatu ohi zuen etorkizunaren iragarpenak egiten irakats ziezaion. Bere etorkizunari zegokionez dena egiteko zegoen, baina laster hasiko zen mentura ausart eta ikerlan aipagarrien bideak urratzen.

1836.ean Abbadia Afrikan zehar burutzeko esplorazio-bidaia handi bat prestatzen ari zelarik, Aragok, esperientzia modura, Pernambuco-ra (Brasilera) bidaliko du lurreko magnetismoa aztertzera. Andromeda da Estatu Frantsesak helburu horretarako bidaliko duen fragata. Bertan, eta errege beraren aginduz eta Frantziatik urruntzeko xedez, Luis Napoleon printzea doa. Biak adin berekoak dira eta adiskidetu egingo dira, Abbadia printzearen etorkizuna iragartzera ausartuko delarik. Etorkizuneko egun batez Frantzia gobernatuko duela eta, ironikoki, Tuilleries jauregirako zita eskatzera aurreratuko da.

Olindako portuan esan zioten agur elkarri eta Abbadia lehorreratu egin zen. Brasilen bi hilabetean 2.000 behaketa geomagnetiko burutu zituen eta Europara itzuli zenean, emaitzek Arago irakaslea asebete egin zuten.

Ürrüxtoi. Abbadiatarren aitaren sorlekua.
K. Garaialde

Bere esploraziorako proiektuak aurrera zihoazen, baina abiatu baino lehen, bera bezala jatorriz zuberotarra eta karlista zen Agustin Xaho lagunarekin euskal gramatikari buruzko lan bat argitaratu zuen.

Ondoren, Afrikarako bidea hartu zuen. Alexandrian Arnaud anaia gaztea du zain, bere bidaide izateko asmoz. Abbadiaren esplorazioak dituen helburuen artean, nagusiena, Nilo ibaiaren sorburua aurkitzea da.

1837-39. Abbadiatarrek karabana bat osatu zuten Alkairon eta Nilon gorantz abiatu ziren Tebaidaraino, Arabiar basamortua zeharkatu eta Al-Kusair-en berriro itsasoratzeko. Itsaso Gorrian nabigatu zuten Mitsiwa-raino eta bertatik Etiopiako lurretan barnera sartzen saiatu ziren. Mendietako bandiduek eta Tigre-ko printzeak aurrerabidea oztopatuko diete. Batzuk eta besteak saihestuz helduko dira (uste baino askoz beranduago) Gonder-era, zatitutako Abisiniako Inperioaren hiriburura. Abbadia dagoeneko konturatu da lur hauek jatorri bolkanikoa dutela eta horrek lan geodesikoak zaildu egingo dituela.

Abbadiak lanerako tresna hobeak behar ditu eta Europara itzuliko da hauen bila, bere anaia bertan zain geratzen den bitartean. Parisen sekulako harrera egin zioten giro zientifikoetan. Elkarte Geografikoaren domina eman zioten eta Vatikanoan, Aita Santuak San Gregorioren Ordenako zaldun izendatu zuen.

Antoinek bere adiskide Napoleon III.ak Abbadia gaztelua inauguratzeko jarri gabe utzi zuen harria.
Abbadiako Adixkideak

1840-42. Oztopo gehiago gaindituta, Abbadia Gonder-era heldu zen berriro eta berehala ekin zion lanari. Baina, bere karabinaren bala-zorro batekin izandako zorigaiztoko istripu baten ondorioz itsututa geratu zen. Arriskua eta zorigaitza sekula baino gertuago ditu, baina etsita etxeratu aurretik mediku baten bila hasiko da. Makila eskuan lagun duela Arabiara doa Adengo golkoko kolonia ingeleseraino; handik Alkairo-ra eta berriro Aden-era, bidean izugarrizko nekeak jasan ondoren. Baina bere zorigaitza ez da hor bukatuko.

Probintziako gobernadore den Heines kapitainak Frantziatik bidalitako espiatzat jotzen du eta atxilotzeko agindua eman. Ankerki iraindua, Abbadiak Somalia aldera itsasoz ihes egitea lortuko du eta Berberako biztanleen artean ezkutatuko da. Bertatik mezua bidaliko dio Gojam-go erregearen kontseilari bihurtu den anaiari Antoineren istripuaren berri izan dezan. Oftalmiak hobera egingo du pixkanaka-pixkanaka eta Abbadiatarrak berriro elkartuko dira. Baina berriro ere Inperio Britainiarrak haien kontra ihardungo du, oraingoan Lord Palmerston ministrariaren eskutik.

Honek, abbadiatarren buruei prezioa jarriko die, 500 libera esterlina Arnaud hiltzeagatik, esate baterako. Harer-erako bidetik desbideratuz, amharen lurretarantz abiatuko dira biderik motzena hartuz. Gojam-go erregeak hitza eman die laguntza izango dutela, eta bidean ingelesen aliatua zen bertako printze bat hil eta Gonder-era sartuko dira. Aurrerantzean ez zen oztoporik sortuko Antoine Abbadiaren esplorazio-lanetan.

Abbadia gaztelua Hendaian.
P. Gascouat

1843-49. Espedizioaren azken helburua oraindik ere Niloren sorburu mitikoa aurkitzea zen; Julio Zesar-engandik James Bruce-renganainoko geografilari eta enperadoreen amets kuttuna izandakoa, hain zuzen. Bere kalkuluen arabera, gallen lurren muga oihantsuetan, kosta abisiniarretik 900 km barnerantz behar zuen. Abbadiak bere esplorazioaren demarkazio guztiz zehatza egin nahi zuen eta horretarako Asmara-ko kostalde desertikotik 1.500 gizon eta ehundaka gamelurekin abiatu zen bideko akzidente guztiak jasoko zituen mapa geodesikoa egiteko asmoz. Neurriz kanpoko xedea zen; ez baitzen nahikoa herriska eta mendiak atzean uztea: lurrazaleko akzidente adierazgarri bakoitzera igo eta triangeluazio-lanak egiteko bertan geldialditxoa egin beharra zeukan.

Lan haietarako Abbadiak metodo azkar eta zehatzagoa asmatu zuen, Geodesia Espeditiboa izenaz bataiatu zuena eta baita sistema horri egokitutako teodolito bat ere, honi Abba izena eman ziolarik. Nolanahi ere, espedizioaren erritmo motela, are eta gehiago motelduz zihoan bidean sortzen zen beste hainbat lanen ondorioz. Herriz herri, Abbadiak gramatika, etnia eta erlijioei buruzko datuak jasoko ditu eta esklabuen bidea berak zeraman ibilbidearekin bat zetorrela ikusiz (nahiz eta kontrako norantzan izan) ekialdeko esklabu-salerosketa ezezagunari buruzko datu baliotsu asko bilduko ditu.

Gai honen inguruko bere txostenak oso kontutan hartu ziren Arago ministraritzara heldu eta esklabutza abolitu zuenean. Azkenik, 1847ko urtarrilaren 19an Antoinek Nilo Zuriaren sorburura heldua zela uste izan zuen eta Arago lagunari helarazi zion berria. Aste gutxi barru, Londresko Atheneum-ean argitaratu zen aurkikuntza eta horrela, Abbadia Niloren sorburua aurkitu eta ibaiz nahastu zen azken esploratzaile moduan pasatu da historiara. Baina leiendak zenbait urte iraungo zuen artean.

A. Abbadia Etiopian bere zerbitzari gazte Abdulah-rekin. (Pintura hau lapurtu eta desagertuta dago egun). (Argazkia: Abbadiako Adixkideak).

1850-58. Hamabi urte Afrikako esplorazioan eman ondoren Europara itzultzean, mendebaldeko bizitzara egokitzeko garai konplexua hasten da Abbadiarentzat. Akademia europarren aitorpen eta ohorezko dominek txundituta utziko dute. Ohorezko Legioa ere eman zioten enperadore-dekretuz. Bere lagun zahar Luis Napoleonek jauregian hartu zuen, horrela zenbait urte lehenago egindako iragarpena bete egin zelarik. Abbadia famaren aparrean zebilen, batzuek eta besteek, enperadoreak zein bere etsai François Aragok goratua. Baina, ahal bezain pronto, Paris utzi eta gazte zelarik Audaux-en (Biarnon) erosi zuen gaztelura erretiratu zen.

Han bizi zen Afrikatik berarekin ekarritako lehoi eta antilopez inguraturik, bere zerbitzari abisiniarrekin eta esklabu jaiotako Abdulah ezkutari galla eder batekin. Abbadiak gogor ekin zion lanari. Bidaiatik ekarritako ohar-piloa sailkatu zuen, Europan ezezagun ziren zenbait testu apokrifo eta Niloren benetako sorburuari buruzko eta ekaitz etiopiarrari buruzko ikerlanak ere argitara emanez. Aldi berean, oso arlo desberdinetako lanekin hasiko da. Zientzi Akademiaren ordezkari legez, eklipseei behatzeko bidaiak egingo ditu eta Biarnoko egonaldiak, Urruñako mendigain zoragarri batean (egun Hendaiakoa da) bertikalaren bariazioak aztertzeko instalatu duen laborategirako bisitaldiekin txandakatuko ditu. Garai honetan sortuko ditu Euskal Jaiak, beti ere bere diruz.

Virginie de Saint-Bonnet. A. Abbadiaren emaztea.
Abbadiako Adixkideak

1859-73. 1959ko otsailaren 21ean Abbadia Virginie de Saint-Bonnet izeneko lyondar bitxiarekin ezkondu zen. Ez zuten seme-alabarik izan. Baina ordurako euskaldunek “aita Abbadia” izendapena emana zioten; “euskaldunen aita” alegia. Bere euskal sustraiekiko loturak estutuz doaz eta Audaux-ko gaztelua saldu eta Viollet le Duc-en plano neogotikoekin gaztelu berria eraikiko du Hendaiako laborategiaren kokalekuan. Gazteluaren eraikuntzak dedikazio handia eskatuko dio. Bertan Abbadiak ezagutzen dituen 20 bat hizkuntzetako inskripzioak agertuko dira. Hala ere, espedizioko materialak lantzeari utzi gabe, geodesia, globoaren fisika eta bertikalaren bariazioari buruzko lanak argitaratzen segituko du.

Bestalde, Louis-Lucien Bonaparterekiko harremanak tarteko, euskal gramatika landu eta lehen euskal liburutegia bilduko du. Liburu-bilduma hau egun desagertuta dago. 1867an Zientzi Akademian eta Frantziako Institutuan aulkia eskaini zioten eta astean behin bertara joango da. Handik urte gutxira baina, bigarren gerra karlista, franko-prusiar gerra eta Komuna direla eta, Abbadia gaztelura erretiratu eta laborategian murgilduko da. Nolanahi ere, gerra atarian zuen eta Hendaiako alkate zelarik, eta Tirso Olazabalekiko adiskidetasuna tarteko, karlistentzako arma-kontrabandoan bitartekaritza egin zuen. Abbadiak bere gazteluko liburutegitik ikusiko du Bidasoaren bestaldean gerra pizten bere etxetik pasatutako armak dabilzkitela. Gerrekiko nazka jaioko zaio, horien ondorioz galdu baitute bizitza bere lagun askok; Abdulah eta Luis Napoleonek, esate baterako.

1874-97. Giro gogor horrek ez du ikasteko behar den patxada eskaintzen eta Abbadiak gero eta aparteago bizitzera joko du. Haitira doa eguzki-eklipsea ikustera eta itzulita esplorazio abisiniarrari buruzko bere lanik garrantzitsuenak argitaratuko ditu. Lan hauen moldaketak bidaiak bezainbeste iraun zuen. Amharerari buruzko hiztegia eta mapa geografikoak amaitu zituenean, Abbadiak hirurogeita hamar urte beteak zituen. Ile zuri ugariko jakintsua zen, aitona bitxi samar bat, Pierre Lotiri frontoian irabazteko eta Sokoatik igeri bere etxeraino etortzeko gai zena. Bapatean, tristurak jota —Afrikako deia nonbait—, oraindik ere geratzen zaizkion indarrak bidaiatan emango ditu.

Oraingoan mende bukaerako turista soil moduan, Abbadiak, bere gaztaroan hunkitu zuten paisajeak berrikusi eta emazteari erakutsiko dizkio: Aden-era jo, Egipto zeharkatu eta Konstantinopla bisitatu. Etxera itzuli eta bere behatokitik izarrak aztertzen segituko du. Zientzi Akademiako lehendakari izendatuko dute, baina izarrak besterik ez zaizkio interesatzen. Sekula egin ez zen zeruko maparik handiena da buruan duen proiektua 1897ko martxoaren 19an heriotza heltzen zaionean. Parisen zuen apartamentuan, Chateaubriand bizi izan zen apartamentu berean, hain zuzen, hil zen. Horregatik, Chateaubriand bere bidaien hasiera eta bukaerarekin lotua dagoela esan dezakegu. Hendaian lurperatu zuten, gazteluan. Hiletek 18 egunez iraun zuten eta inoiz ahaztuko ez zela agintzen zuten hamaika bertso kantatu zen.

Antoineren bidaiak Afrikan. (Oharra: Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra) .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia